Sabino Arana saria emanen diote Amaiurko Gaztelu elkarteari

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 26a, 10:00
Amaiurko azken urteetako alkateak, museoaren kokaleku berria izanen den etxeko atarian.

Amaiurko Gudak 500 urte beteko ditu aurten, eta memoria historikoa bizirik mantentzeko egindako guztiagatik sarituko dute elkartea

1978an sortu zuten Amaiurko Gaztelu elkartea herriko hainbat gaztek, 1922an eraiki zen eta dinamitatua izan zen monolitoa berreskuratzeko. Memoria historikoa bizirik mantentzeko lekua bihurtu nahi zuten Amaiurko gaztelua. 2004an indusketa-lanak hasi zituzten Aranzadi Zientzia elkartearekin, eta gazteluko harresi eta hondarrez gain, hainbat material arkeologiko berreskuratu zituzten. Lortutako material guztia erakusteko behin-behineko arkeologia zentroa ireki zuten 2020an, eta orain, dirulaguntzen bidez, herriko plazan dagoen Agerrea etxea erosi dute eta bertan eginen dute museoa.

Herriaren memoria historikoa mantentzeko ahalegin guzti hauek saritu nahi izan ditu Sabino Arana Fundazioak, Amaiurko Gudaren 500. urteurrena beteko den urte honetan, eta Ixabel Aleman alkateak adierazi duenez, hainbat ekimen eginen dituzte aurten urtebetetze hori ospatzeko. Igandean izanen da sari banaketa, 12:00etan Bilboko Arriaga antzokian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun