Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Lekarozko herriak bat egin du Milotxuri Bizirik plataformarekin eta Aroztegiko sei auzipetuekin

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 25a, 19:00

Urtarrilaren 21ean herri batzarra egin zuten Lekarozen eta hainbat gai landu zituzten; herriarenak, urarenak, Batzar Nagusiko ordenantza berriak… baita Arizkungo zundaketak eta Aroztegiko proiektua ere

Lekarozko herriak adierazi duenez, «Arizkungo batzarrak Canteras Achak Aintzialdeko lurretan egin nahi dituen zundaketen harira aurkeztutako testua irakurri eta bozkatu egin zen. Bozka guztiak testuaren aldekoak izan ziren, ondorioz, Lekarozko herriak bat egiten du arizkundarren erabakiarekin zundaketa eta harrobiaren kontra».

Aldi berean, bertze testu bat aurkeztu zitzaion herriari, «2021eko udaberrian Aroztegiko lanak geldiarazi zituzten protestetan ustez parte hartzeagatik deklaratzera izan diren sei herritarrei elkartasuna adierazteko». Testua irakurrita bozkatu egin zuten eta denak testuaren aldekoak izan ziren, beraz, «Lekarozko herriak babesa eta elkartasuna adierazten die deklaratzera deituak izan diren sei herritarrei, inposatu nahi duten Aroztegiko proiektua ez zutelako sei herritarrek gelditu, herri oso batek baizik. Borroka hori ez zen sei lagunen artean eraman, eta ez da sei lagun epaitegietara eramanez geldituko. Horregatik, Lekarozko herriak dei egiten die herritarrei urtarrilaren 27an 09:00etan Nafarroako Auzitegiaren aitzinean eginen den elkarretaratzean parte har dezaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun