Baztango Batzar Nagusiak lur aprobetxamenduei buruzko ordenantza berriak onartu ditu

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 25a, 17:00

Larunbatean egindako ohiko bilkuran Batzar Nagusiak ordenantza berriak onartu zituen, 26 batzarkideren aldeko bozkarekin eta Navarra Sumaren kontrako 3ekin. 2016an hasitako berritze prozesua akitu dute honekin eta uztailean sartuko dira indarrean ordenantza berriak

Duela 6 urte hasi zen berritze prozesua, ahuntz hazkuntzan profesionalki aritu nahi zuen herritar batek larraska egiteko aukera galdetzean, indarrean diren ordenantzak aurreikusten ez zuena. Orduan, batzordekideek lur aprobetxamenduei buruzko ordenantzaren berrikusketa hasi zuten, herritarren eskariei kasu eginez.

Hauek dira ordenantzan onartu diren berrikuntzarik aipagarrienak:

  • Luberrien bajak eta altak lehenago eskatzen duenari eman beharrean, hilabeteko epea irekiko da interesdunek beren eskaerak udalean erregistratzeko. Herritar guztiek luberria libre denaren berri izanen dute iragarki oholen eta udalaren webgunearen bidez. Eskatzaile bat baina gehiago aurkezten bada, hau izanen da lehentasun ordena: lehenik lehentasunezko ustiategiak direnak, ondotik jarduera nagusiko nekazariak direnak eta azkenik gainerakoak. Kategoria bereko eskatzaile bat baino gehiago izatekotan, puntuazio taula baten arabera barematuko da (aitzinetik luberririk ote duen, zein kopuru, ekologikoan ari ote den…)
  • Titularitate aldaketak jarduera nagusiko nekazari ez direnen kasuetan ere onartuko dira, gehienezko 10 hektarearekin.
  • Auzotar bakoitzak gehienez 30 hektarea luberri izaten ahalko ditu.
  • Ahuntz edo zerri hazkuntzan profesionalki arituko direnak larraska egiten ahalko dute, gehienezko 10 hektarearekin.
  • Luberrietan fruta-arbolak eta laboreak landatzen ahalko dira; artoa, ogia eta nekazaritza proiektuaren araberako bertze laboreak.
  • Azaroaren 1etik martxoaren 15era luberriaren ustiapenaz kanpoko azienda alhatzeko aukera izanen da, adibidez, urtean barna behiak alhatzen badira, epe horretan ustiategitik kanpoko ardiak sartzen ahalko dira.

Ordenantza hauen helburua «luberrien banaketa zuzenagoa» egitea da. Horretarako kontuan izan dute Baztanen, gaur egun, 2.200 hektarea luberri daudela bakarkako aprobetxamendu gisa erabiltzen direnak. «Toki batzuetan ia ezinezkoa da luberri gehiago ateratzea. Baina aldi berean eskaerak segitzen du, nahiz eta azienda kopurua urtetik urtera guttitu. 2000 urtean 46.055 ardi bazeuden, 2016an 34.819. Behiekin ere 2000 urtean 11.032 eta 2016an 9.337.»

Orain ordenantza berridatziko dute jendearen aitzinean erakusteko, eta ondotik protokolo eta laneko prozedurak finkatuko dituzte. Uztaileko bilkuran sartuko da indarrean ordenantza berria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun