Laxoa Elkarteak antolatutako Nafarroako 22. Paxaka txapelketako azken bi partidak jokatu zituzten ilbeltzaren 22an, larunbat arratsaldean Iruritako Aranabia pilotalekuan. Lehenik hirugarren posturako lehia jokatu zuten eta ondotik, final nagusia. Pilotalekuan bildu zen jendetzak bi partida ikusgarrirekin gozatu ahal izan zuen.
Hirugarren posturako lehia ezin estuagoa izan zen. Azkenean, Manu Irigoien (Erratzu), Mikel Sagaseta (Irurita) eta Kaiet Itoitzek (Erratzu) osatutako hirukoteak 9-8 irabazi zion Xabier Barberena (Irurita), Egoitz Prim (Irurita) eta Aritz Alundak (Arraioz) osatutakoari.
Ondotik, final handia jokatu zuten. Oskar Urrutia (Irurita), Iker Bereau (Oiz) eta Juan Mari Maia (Elizondo) txapelketako partida guztiak irabazita ailegatu ziren finalera, bai hasierako fasekoak, baita finalerdiak ere. Hasierako fase hartan gainera, 9-0 irabazi zioten finalean arerio zuten Gorka Urtasun (Irurita), Ugutz Zelaieta (Oiz) eta Jabi Apeztegia (Doneztebe) hirukoteari. Baina finala guztiz ezberdina izan zen. Hasieratik agintzen hasi ziren Urtasun-Zelaieta-Apeztegia eta 5-1 eta 7-2 paratu ziren markagailuan. Ez zuten etsi, ordea, Urrutia-Bereau-Maiak eta 8-6ra hurblldu ziren. Baina azken jokoa egin zuten urdinek eta txapela janztea lortu zuten, Sari banaketan, Laxoa Elkarteko ordezkariekin batera, Pello Iriarte Iruritako alkatea, Kaiet Itoitz Erratzuko alkatea eta Nafarroako Pilota Federazioko Manex Pedroarena izan ziren.
Aipatzekoa da, konfinamenduak direla eta Aranabian izandako itoxurak direla, zenbait aldaketa egin behar izan dituztela aurtengo txapelketaren egitarauan. Finala bera ere, lehenik astebete gibelatu zuten eta gero, igandetik lñarunbatera pasatu zuten, igandean Euskal Herriko Paxaka txapelketako partidak jokatu behar zituztelako zenbait pilotarik. Aipatzekoa da iaz ez zela Euskal Herriko paxaka txapelketarik jokatu eta azken txapeldunak baztandarrak direla, 2020an Gorka Urtasun iruritarra eta Aritz Alunda arraioztarra suertatu baitziren txapeldun.