Foruzainek bi errifle eta eskopeta bat konfiskatu dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 21a, 11:45

Foruzaingoak gaur jakitera eman duenez, «ezkutuko ehiza» kontrolatzeko egin berri duten operatibo baten barnean bi errifle eta ehizako eskopeta bat konfiskatu dituzte Baztanen.

Konfiskatu dituzten bi errifle horietako bat ehiza larrian zebilen ehiztari bati kendu diote. Ageri denez, ehiza-eremua seinaleztatu gabe zuten eta ez zuen soinean jantzita nabarmen ikusteko txalekorik. Bigarren erriflea, berriz, ibilgailu baten barnean kargatuta eramateagatik kendu diote bigarren ehiztariari.

Eskopeta, 70 kartutxorekin, iparraldeko ehiztari bati kendu diote Europako Arma Txartelik gabe ibiltzeagatik.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, bi errifleei dagozkien salaketak Ingurumen Departamentura bidali dituzte. Eskopetaren salaketa, aldiz, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, hor espedienteari hasiera eman diezaioten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun