Baztango Musikazale Elkartea

«Musika egiteko interesa duen edozeinendako irekia dago Zapatillera»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 22a, 10:15
Zapatillera musika sortzeko, entseatzeko eta kontzertuak emateko leku bihurtu nahi dute.

«Gaur egun Baztanen gauden musika taldeok ez dugu entseatzeko lekurik». Hortik abiatuta, bailarako hainbat musikari batu dira Baztango Musikazale Elkartea sortzeko. Elbeten Zapatillera proiektua abiatu dute, «entseatzeko ez ezik, musika sortzeko, kontzertuak emateko eta okurritzen zaizkigun gauza guztiendako» leku bat izateko.

Nola hasi zenuten ekimena?

Baztanen inoiz ez da izan musika taldeendako egokitutako espaziorik. Arazo horrek bulkatuta, uda partean hainbat musikari bildu ginen gaiari buruz solastatzeko eta egoerari irtenbide bat aurkitzeko. Hor hasi zen dena.

Hasiera batean ez genekien elkarte bat sortuko genuenik ere, baina gauza batek bertzera eraman zuen eta Baztango Musikazale Elkartea sortu behar izan genuen. Gehienbat administratiboki dirulaguntzak lortzeko sortu genuen. Baina gure helburua, elkartea baino, espazioa da, entseatzeko lokal batzuk izatea. Talde polita elkartu gara, gogoz eta motibatuak gaude eta espazio ederra lortu dugu, Elbeteko zapatillera zaharra. Honek ematen dizkigun aukera guztiak probestu nahiko genituzke, entseatzeko ez ezik, musika sortzeko, kontzertuak emateko eta okurritzen zaizkigun edozein gauza egiteko erabili nahiko genuke.

Nortzuk parte hartzen duzue proiektuan?

Musika taldeak eta pertsona indibidualak sartu gara. Taldeen artean Kaskezur, Drunken Barrels, Madame Birrots, ZaKILL, Humus de lombriz, Kamuts, Goroldio… gaude. Hala ere, hemendik aitzinera talde eta proiektu gehiago sortzea espero dugu.

Proiektua kulturalki eta sozialki beharrezkoa da?

Bai, behar batetik sortutako proiektua da. Inguruan ditugun baliabideetara egokitzen gara, bertze arloetan bezala. Inguruan dagoen kirol eskaintzaren arabera aukeratzen ditugu kirolak, ba musikarekin berdin. Musika estilo bat egiteko leku edo baliabiderik gabe, zaila da egitea. Hortaz, lekua eta baliabideak edukitzean, segur aski talde gehiago eta musikan esperimentatu nahi duten pertsona gehiago izanen dira. Tristea da musika taldeok horrenbertze urtez indibidualki eta hainbertzeko zailtasunekin aitzinerat atera behar izana.

Talde gehiago batzea espero duzue?

Espero duguna da inor ez gelditzea probatzeko gogoz. Zapatillerarekin hasi ginenetik bi talde berri sortu dira dagoeneko. Musikan probatu nahi duenak, musika talde bat egin nahi duenak edo nolabait leku hau interesatzen zaiola ikusten duen edozeinek ateak irekiak ditu. Burutik pasatzen bazaizu edozein gauza, estilo, mota… zatoz eta probatu!

Nolatan hartu duzue Elbeteko zapatillera?

Leku bat bilatzen hasi ginenean Baztango Udalera jo genuen lehendabiziko, aukerarik egokiena udalak eraikin publiko bat eskaintzea dela ikusten genuelako. Azken finean, igerilekua, gimnasioa, futbol zelaia, kultur etxea… zerbitzuak eskaintzen dituzten eraikin publikoak dira horiek guztiak.

Horrelako zerbait bilatzen genuen guk, gure musika egiteko behar diren baldintzak betetzen dituen eraikin bat, Baztanen dagoen gabezia hau bete ahal izateko. Rocka, punka, rapa, folka… abesbatza, txaranga, futbola edo pintura baino guttiago dira? Bertze eskaintza kultural bat gehiago dira, eta bertzeei bezala leku bat eskaini beharko zitzaiela uste dugu. Hor dago Berako adibidea, udal eraikin bat erabiltzen dute eta begira zein herri musikala den.

Baina ez zenuten lortu…

Ez. Haiekin harremanetan paratu ginen eta interesa erakutsi zuten, bilera pare bat egin genituen eta zubi lanak ere egin zituzten, baina azkenean gure kabuz egin behar izan dugu dena. Eta egiten segitu beharko dugu.

Hortaz, alokatzeko eraikinak bilatzen hasi ginen eta nahiko fite atera zen zapatillerarena. Leku ideala iruditu zitzaigun, Elizondotik hurbil baina herri erdian egon gabe. Nahiz eta etxebizitza batzuk ondoan egon, nahiko isolatua dago, eta eraikin koxkorra da, nabe bat. Ikustera joan ginelarik, segidan maitemindu ginen. Gainera, zapatillerako nagusiek lehenbiziko momentutik erakutsi zuten proiektuarekiko interesa eta motibazioa. Hau dena aitzinerat ateratzeko erraztasun guztiak paratzen ari dizkigute.

Auzolanean hasi dira Baztango musikariak eraikina konpontzen.

Zein egoeratan dago eraikina?

Eraikin handi bat da, lehen zapatak egiteko erabiltzen zena. Hortaz, potentzial handia dauka, baina gure beharretara egokitu behar dugu. Abenduaren erdialdean obrak egiten hasi ginen auzolanean, intsonorizazio lanak gehienbat. Alde batetik, soinua kanpora ateratzea nahi ez dugulako eta bertzetik barnean akustika ona lortu nahi dugulako. Lan handia da, eta hutsetik moldatu behar izan gara, baina ilusioz eta gogoz beterik gaude. Falta dugun gauza bakarra, sosa.

Nola finantzatu duzue proiektua orain arte?

Oraingoz izan dugun diru iturri bakarra elkartean sartu garenen kuotak eta antolatutako bi kontzertuetan irabazitakoa da. Udalaren dirulaguntzak lortzeko, deialdietara esperatu beharko dugu. Baina dirulaguntzak beharrezkoak dira proiektua aitzinerat ateratzeko eta diru sarrera hauek espero ditugu. Obrak egiteko, alokairua ordaintzeko, materiala lortzeko… dirua behar da. Udalak ekonomikoki laguntzea espero dugu, Baztango behar bat baita.

Noizko aurreikusi duzue lanak akitzea?

Urteetako lana badela uste dugu. Minimoarekin hasi beharko gara, espazioa egokitzen musika egiten hasi ahal izateko, baina diruak manatuko du martxa. Hala ere, beharren arabera egokitzen joanen gara; zenbat jende dagoen, afera nola doan…

Nolakoa da gaur egun Baztango musikarien egoera?

Nahiko iluna da, ez da ona. Ez dira talde berri aunitzik sortzen ezta musika estilo desberdinak egiten dutenik erez. Ez da espazio egonkor bat izan proiektuak aitzinerat ateratzeko. Taldeak hainbat lekutan izan dira baina kanporatuak izan dira behin eta berriz. Egokituak ez zeuden espazioetara egokitu behar izan dira; Elbeteko eskola, gaztetxea, Erratzuko eskola, Elizondoko herriko etxea, Gamioxarrea, etxe partikularrak… bat bera ere ez dago prest behar hauendako. Gainera, azken aldian leku bakar bat ere ez zegoenez, bakoitza bere aldetik ibili da eta ez dakigu bertzeak zer egiten ari diren. Nola sortzen ahal da ibilbide musikala deus finkorik ez badago? Probatu nahi duen gaztea norat joanen da lekurik ez badago?

Garrantzitsua da musikariak elkartzea eta elkar laguntzea?

Bai, proiektu berriak sortzeko, hainbat ekintza antolatzeko, elkar ezagutzeko… aukera ematen digu horrek.

Musika aniztasun handia dago proiektuan?

Gehienbat rock, punk, folk eta estilo horretako musika egiten duten taldeak gara, baina badira rap musikan, esperimentazioetan eta bertze estiloetan ibili nahi dutenak ere. Hortaz, estilo guzietara irekia dago. Musika egin nahi duen edozeinendako espazioa da Zapatillera.

Aurkezpena dagoeneko egin duzue. Proiektuak jendearen interesa piztu du?

Bai, arras harrera ona izaten ari da. Lehendabiziko kontzertua gaztetxean egin genuean urriaren 29an. Goroldio eta Ozpinduk taldeek eta kazeruerk DJak egin zuten emanaldia. Bigarrena Zapatilleran bertan izan zen, azaroaren 6an, Kaskezur eta Madame Birrots taldeen eskutik. Espazioa ezagutzera eman genuen eta jende andana bildu zen.

Zein dira zuen asmoak etorkizunerako?

Betiko izanen diren fundamentuzko entsegu lokal publikoak lortzea. Musika sortzeko behar bezalako espazio bat izan nahi dugu, musika egin nahi duenari lekua eta materiala eskainiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun