Tasio Erkiziaren 'Jan eta jabe' liburuaren aurkezpena otsailaren 3an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 21a, 17:00

Baztango Talde Ekosozialak liburuaren aurkezpena antolatu du egile lesakarrarekin, otsailaren 3an Arizkunenea Kultur etxean 19:30ean

Jan eta Jabe. Elikaduraren bidez, herria eraikitzen liburuaren sinopsia

Mendebaldean, jatea ekintza aski arrunta da, ohikoaren zentzuan, bai eta beharrezkoa ere; hain zuzen horregatik du dimentsio sozial eta politiko ikaragarria. Esperientziatik eta konbentzimendutik idatzitako saiakera didaktiko honetan, elikadura estrategikotzat aurkeztuko zaigu, nazio baten ekonomia, osasuna, kultura eta izaera uztartzen dituen esparrua delakoan. Egun nagusi diren nekazaritza intentsiboa eta nekazaritza-industria hizpide hartu eta, alternatiba gisara, zirkuitu laburraren, ekonomia zirkularraren eta saltoki kolaboratiboen alde egiten du.

Egunez egun bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko bidean lanabes izan nahian, liburuxka honek Euskal Herrian martxan diren proiektuak ezagutzera eman eta plangintza-manifestu adostu baten beharra agertzen du, bai eta botere eraldatzaileen arteko sinergiak proposatu ere. Elikadura baita, akaso, multinazionalen morrontzetatik askatzeko eta euskaldun jendea eta herria saretzeko alor oinarrizkoena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun