Lau urteren ondotik pentsiodunen mugimenduak karrikan segitzen du

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 18a, 08:00
Atzo eguerdian Elizondon egindako elkarretaratzea.

2018ko ilbeltzaren 18an hasi zituzten pentsiodunen protestak eta laugarren urteurrena gogoan, asteburuan Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta bertze zenbait herritan manifestazioak egin dituzte. Baztan-Bidasoko Pentsionistak ere karrikara atera dira berriz, hilabetero bezala, eta urteko lehenbiziko elkarretaratzea Elizondon egin dute. Argi utzi nahi izan dute «borroka hau ez dela soilik adinekoen edo erretiratuen afera. Benetan jokoan dagoena etorkizuneko pentsio sistema eta zaintza duina eta publikoa da».

Protestak hasi direnetik lau urte pasatu direla oroitarazi zuen atzo Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduak Elizondon egindako mobilizazioan eta egindako bidea goraipatu nahi izan zuten: «pentsiodunen mugimenduak leku bat ireki du Euskal Herriko jendartean, eta estatu espainiarrean ere erreferente bihurtu da dauden pentsiodunen  mugimenduentzako». Taldearen irudiko, «agerian gelditu da ez dela norgehiagoka dinamika bat, elkartasun eta pertsona guztien bizi duin baten aldeko lan tinkoa baizik».

«Akordioak ez dira bete, iruzurra egin dute»

BAZTAN-BIDASOKO PENTSIONISTAK

Pentsiodunen borrokaren «izenburuak» ere gogora ekarri zituzten Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduko kideek: «pentsioak KPIaren arabera egokitzea, kaltegarri izan diren erreformak bertan behera uztea...». Baina salatu zutenez, «akordioak ez dira bete, iruzur egin dute aplikatzerako orduan». Gisa honetara, «gobernu sozialistak eskuineko lobbyekin hausteko gaitasunik ez duena ageria gelditu» dela adierazi zuten, eta «borroka dinamikak ezin ditu besoak jaitsi».

Borrokatzeko nahiko arrazoi dagoela nabarmendu zuten pentsiodunek: «Osasun zaintza eta adinekoen zaintza alorrean ezin dugu besoak erortzen utzi. Bidasoko kirofanoa SOS egoera jarri du administrazioak; Elizondoko Osasun Zentroan mediku gabeziak segitzen du, nahiz gaurko mediku baten postua beteko dela iragarri duten; zahar etxeko langileak lan hitzarmen duinaren alde mobilizatzen ari dira..». Bide beretik, asteazkenean «langileen lan baldintzak direla eta» Francisco Joakin Iriarte egoitzaren aitzinean elkarretaratzea deitu dutela oroitarazi zuten eta «gu ere hor egonen gara».

«Gure indarrak eta gazteagoen freskotasunak bat egin behar du emaitza duina lortu nahi badugu»

BAZTAN-BIDASOKO PENTSIONISTAK

Taldearen hitzetan, «borroka hau ez da adinekoen edo erretiratuen afera bakarrik», eta hori «gero eta oihartzun zabalagoa hartzen ari da. Benetan jokoan dagoena etorkizuneko pentsio sistema eta zaintza duina eta publikoa da». Horregatik uste dute «gure indarrak eta gazteagoen freskotasunak bat egin behar» dutela «emaitza duina lortu nahi badugu». Sinetsita baitaude «horrek ekarriko duela benetako errespetua eta aldarrikapenak gauzatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun