Laxoa Elkarteak antolatutako Nafarroako 22. Paxaka txapelketako finalerdiak ilbeltzaren 15ean, larunbat goizean jokatu zituzten Iruritako Aranabia pilotalekuan. Ez zen ezustekorik izan eta lehen faseko bi hirukote onenak izanen dira finalean ere
Lehen finalerdian, Lehen faseko lehen sailkatuak, partida guztiak irabazi zituen Oskar Urrutia (Irurita), Iker Bereau (Oiz) eta Juan Mari Maia (Elizondo) hirukoteak 9-4 irabzi zion Manu Irigoien (Erratzu), Mikel Sagaseta (Irurita) eta Kaiet Itoitzek (Erratzu) osatutakoari. Bana, bina eta hiruna berdindu ondotik irabazleak 7-3 aitzineratu ziren. Joko bat gehiago egin zuten galtzaileek (7-4), baina azken biak egin zituzten lehen finalistek.
Bigarren finalerdian, lehen fasean bigarren izan ziren Gorka Urtasun (Irurita), Ugutz Zelaieta (Oiz) eta Jabi Apeztegia (Doneztebe), berriz, Xabier Barberena (Irurita), Egoitz Prim (Irurita) eta Aritz Alundaren (Arraioz) kontra aritu ziren. Hemen ere hasiera berdindua joan zen (1-1 eta 2-2) eta sorpresarako bidea ireki zuten Barberena-Prim-Alundak, 2-5 aitzinetik paratu baitziren. Baina azken zazpi jokoak segidan egin eta finalean izanen dira Urtasun-Zelaieta-Apeztegia.
Finala eta hirugarren posturako lehia larunbat arratsaldean Iruritako Aranabian
Honela, urtarrilaren 22an, larunbat arratsaldean jokatuko dituzte txapelketa honetako azken bi partidak. Lehenik hirugarren posturako lehia jokatuko dute 16:30ean Manu Irigoien (Erratzu), Mikel Sagaseta (Irurita) eta Kaiet Itoitzek (Erratzu); Xabier Barberena (Irurita), Egoitz Prim (Irurita) eta Aritz Alundaren (Arraioz) kontra.
Ondotik, 17:30ean, final handia jokatuko dute Oskar Urrutia (Irurita), Iker Bereau (Oiz) eta Juan Mari Maia (Elizondo) hirukoteak Gorka Urtasun (Irurita), Ugutz Zelaieta (Oiz) eta Jabi Apeztegia (Doneztebe) hirukotearen kontra.