Baztango Talde Ekosozialak adierazi duenez, «meatzaritzaren funtsa lur azpiko mineralak ustiatzea da. Jakina da, lur azpitik ateratzen den material hau ez dela mugagabea. Eta jakina da ere, gizateriak gure planetan burutzen duen aktibitateak aspaldi gainditu duela lurrak berak eskaintzeko duenaren muga. Gizateriaren aztarna ekologikoak hartu duen dimentsioa ikaragarrizkoa da eta lurreko ekosistemak kolapsatzeko arriskua egiazkoa da».
Bailara ere «errealitate honen parte» dela diote, «ez zaigu batere arrotz egiten ez meatzaritza ezta harrobi hitza ere. Erdizko harrobiaren mamua iritsi zen lehenik, eta orain, Arizkun eta Elbeteko lurretan egin nahi denarena». Ustiategiak egiteko arrazoiak errepikatu dituzte; «materialaren eskaria merkatu globalean, inguruko herritarrentzako lanpostuen sorrera … Ez dugu atzendu behar, ordea, meatzaritza funtsean aktibitate ekonomiko bat dela, eta, beraz, errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duela; hau da, ahalik eta mineral gehien ahalik eta denbora motzenean ateratzea».
Honen kontra, hainbat galdera planteatu dituzte; «zer pasatuko da harrobiak hartuko duen parajean bizi diren herritarrekin? Eta eremu horretako abeltzaintza eta nekazaritza lurrekin? Eta ur iturriekin? Eta ustiapena akitzen denean? Zer pasatuko da gaur egun lur emankorrak diren horiekin? Eta ustiapenak sortuko lituzkeen lanpostuekin? Argi dago gisa honetako proiektuek gutxiengo baten aberastasuna bilatzen dutela, tokiko ekonomian inolako ekarpenik egin gabe. Are gehiago, gure ondorengoen biziraupenerako nahitaezkoak izanen diren lur emankorren hondamena dakarte».
Honen oinarrian «gaur egungo bizi eredu kontsumista» dagoela azpimarratu dute; «Arizkun eta Elbeteko harrobian ustiatu nahi den minerala, ofita, egunero erabiltzen ditugun errepide eta mendiko pistak eraikitzeko erabiltzen da. Eta egunerokotasunean erabiltzen ditugun mila tresnek ere (mugikorrak, autoak, etxetresna elektrikoak…) mineralak dituzte lehengai gisa. Hortaz, gure etxeko atean harrobirik ikusi nahi ez baldin badugu, erantzukizunez jokatzen hasi beharko genuke, eta azken urteetako gure bizimodua eraldatu beharko genuke».
Akitzeko, herri proiektu «sozialki justu, demokratiko eta ekologikoa» eraikitzearen beharra nabarmendu dute, «aspirazio kolektiboetan oinarritzen dena. Aberastasuna banatu eta guttienekoak segurtatuz, soil eta neurriz biziz».