Nora Salbotx Alegria

«Hezkuntza sistema honek eraitsi beharreko gabezia aunitz ditu»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 15a, 08:00
Nora Salbotx Alegria bere liburua eskuartean duela.

Gaur egungo hezkuntza sistema «agortua» dagoela dio Nora Salbotx Alegria (Iruñea, 1973) Amaiurko eskolako maistra eta zuzendariak eta Baztango Herrietako Eskoletako koordinatzaileak. «Gauzak errotik aldatzeko gogo bizia» duela dio argitaratu berri duen liburuan, Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak. Bide horretan, «dekolonizazioen beharra» azpimarratu du, «nabarmena delako gure hezkuntza sistemetan kolonizazioa ari duela». «Oraino egiteko aunitz dagoela» iritzita, «hausnarketarako, batasunerako eta borrokarako» deia egin du. 

Liburua hainbat ataletan bildu duzu: 'Aitzinsolasa', 'Nondik heldu gara', 'Non gaude' eta 'Euskal hezkuntzagintza gurera ekarri'...

Bai. Bilduma berean, Andoni Olaragiak bere liburuan erabilitako eskema egokia iruditu zitzaidan. Garrantzitsua da nondik heldu garen argitzea, gaurkoaz eztabaidatzen denean euskal hezkuntzari buruzko ezagutza falta handia sumatzen dudalako. Euskal hezkuntzaren prozesuak mende bat baino gehiago du eta alde horretatik bi kontu nabarmendu ditut. Batetik, prozesua ez dela akitua, nondik heldu garen jakinda aitzinerat segitu behar dugula ikusarazi nahi dut. Bertzetik, aitortza, aitzinetik egin den lana ez dagoela aitortua iruditzen zait. Ez dago aitortua batik bat emakumeek egin dutelako, euskaraz egin dutelako eta hezkuntza eta zaintza arras lotuta dauden arloak direlako. Hiru periferia dira: emakumeak, hezkuntza eta euskara. Kontaketa bat egiten dugunean, epika handia ematen diogu herri honen bertze borroka batzuei, baina hezkuntzak euskararen eta herri honen alde egin duen guztiari ez. Hori oroitarazi nahi nuen.

«Hezkuntza kontuetan, gauzak errotik aldatzeko gogo bizia» aipatu duzu. Hala sentitzen duzu?

Bai, nire militantzia hortik heldu da. Sekulako beharra dago, ikusi bertzerik ez dago hezkuntzan nolako kalapitak sortzen diren. Hainbertze gauza daude aldatzeko, eta ez dut uste hori pentsatzen dudan bakarra naizenik. Batasun gehiago behar dugu, elkarrekin begirada bat osatu eta aitzinerat ekin.

Agerian utzi duzu Euskal Herrian hezkuntzaren alde egon den edo dagoen gogoa ez dela berria...

Hala da. Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zenean, hezkuntzaz ari ziren eta hori inflexio puntu garrantzitsua izan zen. Baina lehenagotik ere saiakerak izan ziren, baita gure eskualdean ere, adibidez, Zugarramurdin. Herrietan bazen maisu-maistrak euskaldunak izateko nahia, gure herrietan ez baitzen euskara baizik egiten.

«Kanpoko eta barneko dekolonizazioen beharra dago»

Nora SALBOTX ALEGRIA, maistra

Bibliografia lan handia egin duzu, eta erreferentzia aunitz aipatu dituzu...

Bai, eta irakurle batzuek eskertu izan didate bibliografian emakume pila daudelako. Ez da kasualitatea, saiakera berezia egin dut. Begirada feminista batetik egin nahi izan dut, gaur egungo hezkuntzari buruzko eztabaidan ez dudalako feminismorik ikusten. Badakigu pedagogia feminista egin behar dugula, emakumezko zientzialariak, artistak eta idazleak eskoletako programazioetara ekarri behar ditugula. Hori behar da, baina gure hezkuntza sisteman patriarkatua aunitzez ere modu sakonagoan txertatuagoa dago, eta hori deseraikitzeko errotiko kritika egin behar zaio. Feminismoak erakutsitakoa oinarri hartuta begiratu diot hezkuntzari. Hori da ekarpen berritzaileena.

Erraza izan da?

Ez da erraza izan, ez naizelako honetara dedikatzen, bizitzari atera dizkiodan pusketetan egin behar izan dut. Feminismoa ekartzea ere ez da erraza izan, baina polita izan da eta aunitz ikasi dut. Feminismoaz aunitz leitzen dut eta nire talaian, hezkuntzan, kanpoko eta barneko dekolonizazioen beharra ikusten nuen, gure curriculumak eta gure ingurua dekolonizatzeko beharra, eta gure gorputzean gertatzen direnak dekolonizatzeko beharra. Hori feminismoak aski ongi azaltzen du, eta hezkuntzako kezkekin gurutza daiteke.

Azalduko zenuke?

Dekolonizazioaren begirada azpimarratu nahi nuke. Herri honetan kolonialismoa ari du, eta hezkuntza sisteman kolonialismoa ari du, horretarako sortuak baitaude Frantziako eta Espainiako hezkuntza sistemak.  Kanpoko eta barneko kolonizazioak daude. Frantziako eta Espainiako sistemak arras inperialistak eta kolonialistak dira, eta gurean bertze herrialdeetan gertatzen denari, estaturik gabeko nazioa izatearen ondorioz gertatzen zaizkigunak gehitu behar zaizkio, eta horrez gain, gure baitakoa ezabatzeko nahia dago. Egunero ikusten ditugu adibideak, eta beraz, askatu, moztu edo askatzeko moztu beharko da. 

«Espainoltzeko eta frantsesteko dira hezkuntza sistemak»

Nora SALBOTX ALEGRIA, maistra

Gure hezkuntza sistemak alfabetatzeaz gaindi, frantsesteko eta espainoltzeko eginak direla diozu...

Eta horrela aitortzen dute. Testu historiko horietako batek horrela dio: «Haurren bihotz xamurretan gure nazioarekiko, –eta bistan da ez dela gure nazioaz ari, Frantziaz eta Espainiaz baizik–, maitasuna txertatzeko helburua du». Badaude bertzelako nahiak ere, alfabetatzeko nahia, adibidez, baina Euskal Herritik eta feminismotik begiratuta hankamotz gelditzen da. Erabat androzentrikoa da, eta ekarpen feministaren bat egiten saiatzean horri bidea mozten diote. Bistan da inposatzeko nahia dagoela.

Salbotxen hitzetan, euskal hezkuntzaren prozesua «ez da akitua» eta «oraino aunitz dago egiteko».

Hizkuntza ereduen gaurko sistema desagerrarazteaz ere ari zara, ikasle guztiak euskalduntzeko murgiltze eredu bakarra aldarrikatuz...

Anakronismo bat da, begirada arras akonplexatu batetik sortua. «Gure hizkuntza euskara da» erran eta hezkuntza sisteman hori bermatu beharrean, ereduen kontu hori sortu zuten. Mundu mailan ez dago horrelako adibiderik, eta hori diglosia egoera gordin batean sortutakoa da, konplexu aunitz dituen sistema edo hezkuntza politika batetik. Ereduen kontu hori desagertu behar da, ez ditu bermatzen euskararen aldetik gaitasun ona izanen duten herritarrak, eta garbi erakutsi du segregaziorako tresna izan daitekeela eta jendarte kohesiotik urruntzen gaituela.

Bidea neketsua, zaila eta sakrifizioz betea izan dela ageri da liburuan. Zein izan dira oztopo nagusiak?

Sekulako proiekzio gaitasuna erakusten duen esaldia da. Luis Elizaldek 1918an erran zuen logikoa, bidezkoa eta zilegi dela gure euskal hezkuntza izatea, baina hain zuzen horregatik ez dugula esperatzen ahal estatuaren aldetik horrelakorik. Horregatik behin eta berriz aipatzen dut sekula ez zaigula eman, behin eta berriz borrokatu behar izan dugula. Borroka horretan, behar gorrian sortutako herri erantzun bat izan da, kolonialismo horren ondorioz euskara eta gure kulturarekin zerikusia duen begirada guztia desagertzeko arrisku bizian egon da eta bertzeak bertze, hezkuntza tresna gisa erabili izan da horren aitzinean.

«Gaur egungo Hezkuntza sistema agortua dago»

Nora SALBOTX ALEGRIA, maistra

Behar horri erantzunez, errepublika garaian saiakera antolatu dezentekoak izan ziren, Francoren garaian ere bai... Ikastolen mugimendua, euskara eredu publikora eramateko borroka.... Horiek ez dira egun batetik bertzera eta aisa lortu. Gure eskualdeko emakume baserritar euskaldun gazte aunitzi ere zor diegu aitortza, borroka horien karietara, aunitz izan zirelako, bertzeak bertze, ikastola sortu berrietara joan zirenak. Sekulako borroka klandestinoa izan da, aunitzetan militantzia hutsez egindakoa, eta ez da bide erraza izan.

Bideak zaila izaten segitzen du?

Egunero eskolara etortzen gara, inork ez digu eskolako sarrailan silikona eman, euskarazko jarduerak egiten ditugu... Akaso ez dugu bidea zaila denaren pertzeptziorik, aitzinekoek egindako borrokaren fruituak hartu ditugulako. Baina batzuetan sentsazioa dut eroso gaudela eta lortu beharreko guztia lortu dugula iruditzen zaigula. Eta ez da inondik inora ere horrela. Gaur egun ere curriculumak ehuneko arras handian Parisen eta Madrilen ezartzen dituzte, badakigu Molac Legearen karietara nola dagoen Ipar Euskal Herrian murgiltze eredu guztia eztabaidan, baxoa oraino euskaraz egiteko plantoak egiten dituzte ikasleek... Disidentzia ariketa horiek euskara hezkuntza sisteman ez dagoelako aitortua gertatzen dira, eta berdin Nafarroan. Oraino ez dago sare publikoan euskara bermatua eta horren adibidea da Mendigorriko borroka. EAEn iduri du euskara bermatuagoa dagoela, baina ikasturte honetan paratu dute lehendabiziko aldiz Bilboko Otxarkoagoa auzoko eskolan euskara, eta ijito ama batzuen borrokaren ondorioz lortu dute. Oraino aunitz dago egiteko eta arras beharrezkoak dira herri ekimenetik sortutako proiektu komunitarioak.

Hortaz, hezkuntza sistema hau agortua dela iruditzen zaizu?

Agortua dagoela erraten dute hainbat eragilek egindako hezkuntzari buruzko txosten aunitzek. Hasteko, egin den eta egiten den guztia aitortu behar da, ez gatoz eskolara denbora galtzera. Are gehiago, hezkuntza sekulako tresna da mundua eta Euskal Herria aldatzeko, justizia sozialerako eta bertze aunitzetarako, baina badira eraitsi beharreko gauza pila. 

Eraitsi beharrekoaren artean, zer nabarmenduko zenuke?

Bertzeak bertze, parte-hartzea aipatuko nuke. Ikastetxeak, sare publikokoak zein kooperatibokoak izan, herrira zabaldu behar ditugu, aunitzez ere parte-hartze horizontalagoa bilatu behar dugu; ikasleak erdigunean jarriko duen eredua behar dugu, eta beraz, ikaslea subjektu politiko bat dela aitortu. Gure gorputzak ere aipatzen ditut, gaurko programek subjektibitateak edo izateko modu partikularrak neutralizatzen dituztelako. Nolabait ere patriarkatu kapitalistari interesatzen ez zaizkion identitate edo gorputz horiek guztiak ezabatzeko joera dago, nolabait homogeneizatzeko. Ez zaie aniztasuna eta pentsamendu kritikoa aldarrikatzea interesatzen.

«Batasunerako eta borrokarako gonbidapena egin nahi dut»

Nora SALBOTX ALEGRIA, maistra

Horrekin batera, gentrifikazioaren kontua dago, pribatizatzeko joera. Pandemiaren aitzakian Microsoft edo Google dela, jangelak kudeatzeko modua dela, edo eskolaz kanpoko ekintzen kudeaketa dela.... Gure jarduera pribatizatzeko mila modu daude, eta horiei begiratu behar diegu. Burujabetza ttikiekin burujabetza handia egiten dela ulertzea ere garrantzitsua da. Burujabetza handi baterako grina aspaldikoa da herri honetan, baina egunero eragiten ahal dugun burujabetza ttikietan jarri nahi dut arreta. Elikadura burujabetzak euskara sustatzen ahal du, Errigora da horren adibide, edo euskarak burujabetza teknologikoa, edo feminismoak bat edo bertzea... Elkar elikatzen dute.

Zure ustez, ez dira instituzioen esperoan egoteko garaiak...

Hala da. Baina bada baleko instituzio bat, udala, hurbilekoa. Gure eskualdean, udalak, berdintasun edo euskara batzordeak, herri hezitzaile dinamikak martxan jartzeko konplize izan ditzakegu. Baina ezin dugu estatuaren esperoan egon, estatua patriarkala eta kapitalista delako eta komunitarioak ez diren bertze interes batzuetan paratzen dituelako zerbitzuak.

Herri borroka berriez ere ari zara...

Beharrezkoa da ados gaudenon artean artikulatzea eta saretzea. Borroka feministak honi guztiari aunitz eman diezaioke, baita euskalgintzak ere, edo aisialdian dabilen jende guztiak... Komunitate pentsamendutik abiatuta saretu behar dugu, gure hezkuntzaz eztabaidatu eta erabaki behar dugu. Nolabait ere, hausnarketarako, batasunerako eta borrokarako gonbidapena egin nahi dut.  

Zuk argi duzu: hezkuntza sistema euskalduna, feminista eta burujabe publikoagoa duzu begiz joa...

Bai, eta publikoa eta burujabea ez bada ez da euskal hezkuntza sistema izanen. Burujabetza publikoaren karietara, pribatuaren eta publikoaren arteko eztabaidan, zera gehituko nuke: Sare publikoak edo kooperatiboak izan, zeinen zerbitzura daude hezkuntza sistemak? Gure nahien gibeletik bertze interes batzuk daude eta ez diegu herri harresiz erantzuten. Pareko ikastetxeak ez luke arerioa izan behar, ez genuke zenbat ikasle dituen hark eta zenbat nik jokoan ari behar. Elkarrekin lan aunitz egin dezakegu, ratio duin batzuen alde, eta patriarkatuaren eta espainoldu eta frantsestu nahi gaituzten dinamika guztien kontra borrokatu behar genuke. Sokaren bertze aldean patriarkatua dago, kapitalismoa dago, Espainia eta Frantzia daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun