Alpistegia bertso-antzerkia eginen dute ortziralean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 12a, 15:30

Abenduan Iruritan egitekoa zen emanaldia bertan behera gelditu zen, eta aste honetan dauka data berria

Alpistegia haur eta familiendako bertso-antzerkia Elizondon eginen da aste honetan, urtarrilaren 14an. Baztango Euskara Batzordeak, herriak eta ikastetxeak antolatua, Arizkuneneko sabaian izanen da emanaldia 18:00etan Eneko Arrate eta Aissa Intxausti bertsolariekin.

Sinopsia

Haira arras ikasle saiatua da eta ikastetxean etengabe entzuten die irakasleei osasuntsu egotea garrantzitsua dela baina berak ez du arras ongi ulertzen osasuntsu hitzaren erranahia… Zer arraio ote da osasuna? Ikastetxeko erantzunek asetzen ez dutenez eta handitan kazetari izan nahi duenez, benetako orburu bat eskuetan, kale-galdeketa bat antolatzea erabakiko du eta parkean topatzen dituen pertsonei osasuna nola zaintzen den galdetzea. Arbel batean erantzun ezberdinak bilduz joanen da: adineko emakume bati galdetuko dio, haur bati, karrikan bizi den eskale bati, korrikalari bati… Horrela bere ikuspegia osatzen eta zabaltzen joanen da Haira. Parke ertzeko balkoi batean bizi den Lore loroak ere izanen du zeresana eta galdera interesgarriak egingo dizkio tarteka.

Azken batean, hori baita antzerki honen funtsezko helburua: osasunaz dugun ideia zabaltzea, umorearen bitartez. Gorputzak bakarrik ez, gure sentimenduek, harremanek, ohiturek eta maila sozialak gure osasunean zenbaterainoko eragina duten erakutsi nahi dugu; osasuna, zatika ulertu beharrean, orekan mantendu beharreko osotasun gisa aurkeztuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun