20.687 euroko superabitarekin akitu du urtea Elizondoko Herriak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 10a, 18:00

Santiago egunean erraldoi eta buruhandien topaketa egin zuten Iriarte pilotalekuan. Argazkia: Ondikol

Herritarrek ordaintzen duten kuotaren bidez 57.000 euro bildu dituzte 2021ean.

Ohi bezala, Errege Egunean urteko kontuak aurkezteko batzarreak egin zituzten Baztango herri gehienetan, nahiz eta batzuetan gibelatu egin dituzten, hainbat herritar konfinaturik daudelako.

Elizondon bai, aurkeztu zituzten 2021eko kontuak Aitor Bazterrika alkateak eta kargodunek. Zehazki, Jaime Fagoaga kargoduna izan zen diru-kontuak azaldu zituena. Orotara, 20.687,50 euroko superabitarekin akitu dute urtea Elizondon. Diru-sarrerak 83.737,65 eurokoak izan ziren eta gastuak 63.050,12 eurokoak.

Bizilagunek ordaintzen duten kuotaren bidez 57.019,32 euro bildu ditu herriak. Igoera handia izan da kontzeptu honengatik, ahalik eta herritar gehienengana ailegatzeko eginahal berezia egin baitute alkateak eta kargodunek eta herritarren erantzuna arras ona izan da. Baztango udalaren aportazioa 11.884,77 eurokoa izan da.

Udazkeneko feriena izaten da bertze diru-sarrera handi bat, baina iaz erdizka bakarrik egin ahal izan zituzten, dirurik handiena uzten duten karrika-saltzailerik gabe. Honela, 500 euro bakarrik lortu ziren, nekazaritza-tresnak erakutsi zituzten enpresek paratutakoak.

Gastuei dagokienez, Santiago bestetan 18.225,04 euro erabili dituzte. Ohiko bestarik izan ez bazen ere, Iriarte pilotalekuan zenbait kultur ekitaldi egin zituzten, beti ere araudia betez.

Hilerriko kontuak aparte egin dituzte. 2021ean 10.905,63 euroko diru-sarrerak izan ziren eta 12.201,65 euroko gastuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun