Eusko Label binakako txapelketako urte berriko lehen partidak Erratzun jokatu dituzte igandean

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 3a, 10:00

Erratzun eman diote hasiera urte berriari Eusko label binakako txapelketaren bertze jardunaldi batekin. Hasteko, beti bezala, neska txikiek gozatzeko aukera izan dute. Oraingo honetan Ados pilota eskolako nesken eskutik.

Jaialdiko lehen partidan, bi bikoteen txapelketako estreinakoan, emozioa izan da nagusi partidu erdira arte. Hortik aitzinera, gorriek beraien kolpe bizia baliatu dute Naroa atzeko koadroetan asko estutzeko eta Eneritz jokoz kanpo uzteko. Horri esker Zelaiak aurrean tantoak akitzeko aukera ere ederki baliatu du. Arras partidu ona jokatu dute bi gorriek eta merezita eskuratu dute lehen puntua. Zelaia eta Lopezek, 22; Iturzaeta eta Azpeitiak, 15.

Bigarren partida luzeago eta pilotakada ugarikoa izan da. Etengabeko berdinketekin igaro da ia partidu guztia. Gibelean bi atzelariak sendo, Iera Iturriaga eta Naroa Etxekolonea Leitzako eta Zubietako aurrelariei pilota ugari kenduz. Aurrelariek aukera aunitzik izan gabe ere izan dituztenetan tiki taka bizia ibili dute. Amaiera aldera urdinek izandako pare bat akatsi esker markagailuan erabakiorra izan den zulotxoa ireki dute urdinek, 22-17koarekin bigarren garaipena jarraian eskuratuz. Iturriagak eta Egañak, 22; Etxekoloneak eta Mujikak, 17.

Erratzura gerturatu diren pilotazaleek gogotik animatu dituzte pilotariak eta oso giro polita izan da pilotalekuan. Aste honetan, ostiralean, hurrengo jardunaldiari hasiera Leitzan emango diote.

 

Pilotarien adierazpenak

Zelaia-Lopez: «Partidua ondo joan zaigu, orain arte ez dugu batera jokatu baina elkarrekin ongi moldatu gara eta gustura geratu gara. Partidu polita izan da eta irabaztea lortu dugu».

Iturriaga-Egaña: «Partidu gogorra izan da, hasieran gozakaitz ibili gara baina lanean jarraitu dugu eta azkenean irabazita oso pozik. Luzimendu handirik ez dugu izan baina lan asko egin dugu eta gaur puntua lortuta pozik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun