Paxaka txapelketako final laurdenak igandean jokatuko dituzte Erratzun

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 29a, 17:00

Igandean Erratzun jokatuko dituzte final laurdenetako partidak. Finalerdiak ilbeltzaren 9an eta finala ilbeltzaren 16an Iruritan jokatuko dituzte, ez Abu Dhabin.

Ortzegunean jokatuko den lehen faseko azken partidan erabakiko dira gurutzaketak eta dagoeneko garbi dago finalerdietarako zuzenean sailkatu diren hirukoteak zein diren.

Nafarroako XXII. Paxaka txapelketako lehen fasea akitzeko hiru partida jokatzekoak ziren joan den astean, baina horietatik bi bakarrik jokatu ziren. Hirugarrena abenduaren 30ean, ortzegunean 20:00etan, jokatuko dute Iruritan 2 taldeak (Xabier Barberena, Egoitz Prim eta Aritz Alunda) 5 taldearen (Jon Apeztegia, Mikel Telletxea eta Iban Santesteban) kontra. Hor erabakiko da lehen faseko behin betiko sailkapena eta ilbeltzaren 2an, igandean Erratzun jokatuko dituzten final laurdenetako gurutzaketak.

Joan den asteko emaitzak

  • 1 taldeak (Oskar Urrutia, Iker Bereau eta Juan Mari Maia), 9 - 4 taldeak (Ioritz Zelaieta, Laurendi Zelaieta eta Iban Juanena), 2
  • 2 taldeak (Xabier Barberena, Egoitz Prim eta Aritz Alunda), 9 - 6 taldeak (Manu Irigoien, Mikel Sagaseta eta Kaiet Itoitz), 5

Azken partida horren faltan, dagoeneko garbi dago finalerdietara zuzenean sailkatuko diren bi lehenbiziko hirukoteak zein izanen diren: 1 taldeak (Oskar Urrutia, Iker Bereau eta Juan Mari Maia) partida guztiak irabazi ditu eta 14 puntu eskuratu eta 3 taldeak ( Gorka Urtasun, Ugutz Zelaieta eta Jabi Apeztegia) partida bakarra galdu du eta 11 puntu ditu. Bertze lauek final laurdenak jokatu beharko dituzte ilbeltzaren 2an Erratzun. Behin behineko sailkapenean garbi dago bosgarren eta seigarren zein izanen diren, baina ortzeguneko emaitzaren arabera, hirugarren eta laugarren postuan aldaketa izan daiteke eta hor erabakiko dira final laurdenetako gurutzaketak. Izan ere, sailkapeneko hirugarrena seigarrenaren kontra ariko da igandean 17:00etan eta laugarrena bosgarrenaren kontra 18:00etan.


Sailkapena lehen faseko azken partidaren faltan

 

JOK.

IRA.

GAL.

PUN.

1. O. Urrutia - I. Bereau –  J.M. Maia

5

5

0

14

2.  G. Urtasun – U. Zelaieta – J. Apeztegia

5

4

1

11

3.  M. Irigoien – M. Sagaseta – K. Itoitz

5

2

3

7

4. X. Barberena – E. Prim – A. Alunda

4

2

2

5

5. I. Zelaieta – L. Zelaieta – I. Juanena

5

1

4

4

6. J. Apeztegia – M. Telletxea – I. Santesteban

4

0

4

0

Final laurdenetako irabazleak ariko dira ilbeltzaren 9an Iruritan jokatuko dituzten finalerdietan bi lehenbizikoen kontra. Final handia ilbeltzaren 16an jokatuko dute Iruritako Aranabian (ez noski Abu Dhabin, abenduaren 28an ERRAN.EUSek iragarri bezala).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun