Arizkungo herritarrek bezala, elbetearrek ere ezetz erran diote Canteras Acha enpresak bertan egin nahi dituen zundaketei. Egindako azken herri batzarrean argi utzi zuten; 67 herritar bertaratu ziren. Boto-paperen bitartez egin zuten bozketa, galdera honi erantzunez: Zundaketa eta harrobia egitearen alde zaude?. 65 lagunek ezezkoa eman zuten eta bik boto zuria.
Azaroaren 29ko Estatuko Buletin Ofizialak biltzen du Canteras Acha SA enpresak egindako eskaria zundaketak egiteko Baztanen, ofita lortzeko eremuen bila. Lur eremuak Arizkungo Aintzialde eta Bergara auzoak eta Elbeteko Miloa parajea hartzen ditu, 1.672.536 m2 guztira.
Almandoz ere jomugan
Almandozko Arritxuri harrobian egiten du lan Canteras Achak duela hainbat hamarkada ofita eta kareharria ateratzen, eta buletinean aurkeztutako eskariaren arabera, bertan zundaketa gehiago egiteko asmoa dute, Uzketa 2 izeneko eremuan.