Itzulpena sarituko du (H)ilbeltza bekaren VI. deialdiak

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 28a, 08:00

Fred Vargas idazlearen 'Debouts les morts' liburuaren itzulpena sarituko dute. Irudiaren egilea:Marcello Casal Jr

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratu aurten ere.

Fred Vargas idazlearen Debouts les morts liburuaren itzulpena lagunduko dute aurten eta parte hartu nahi duenak eleberriaren lagin bat itzuli beharko du. Lagina esteka honetan dago eskuragarri.

Laginak 2022ko martxoaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira Baztango Udaleko erregistroan, eta maiatzaren 6an jakinen da bekaren irabazlearen izena. Beka 6.000 eurokoa izanen da, eta bi zatitan emanen da. 

Epaimahaiko kideak hauek izanen dira: Baztango Udalaren ordezkaria, Joseba Otondo; Txalaparta argitaletxearen ordezkaria, Garazi Arrula Ruiz; eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa, Koldo Biguri. Aurkeztutako laginean itzulpenaren kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dira, baita sorburu hizkuntzatik zuzenean itzultzea ere. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun