Euriteak 2021.12.10

Uholdeek utzitako kalteek eragina izanen dute 2022ko Baztango aurrekontuetan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 24a, 09:00

Emergentziazko lanen zerrenda eta aurrekontuak egin dituzte eta gainerako bideen zerrenda egiten ari da Udala.

Urte berriko aurrekontuak otsaila aldean onartu ohi ditu Baztango Udalak, baina abenduan izandako ezusteko uberroek hainbat kalte sortu dituzte azpiegituretan eta «begibistako eragina» izanen dute aurrekontuetan. Hainbat bide konpondu ditu edo konpontzen ari da Udala, eta kalte guztien zerrenda egiten ari da. Hauek dira emergentziaz egin beharreko lanak:

  • Iruritatik Oharrizerako bidea hetsia dago, ugaldearen aldera bidea arraildu delako eta ezponda erori. Auzora joateko ordezkoa bidea dago, baina behitegirako pentsu kamioia ezin da pasatu. Erori den edo erortzeko arriskuan den zati guztia hustu beharko da lehenik eta ondotik bidearen 45 metroko luzeran ezponda egonkortzeko uztaia egin beharko da. Bidearen barneko aldea bete beharko da paretaren gaineraino eta ondotik zola berritu beharko da. Aurrekontua: 120.441,19€. Proiektuaren idazketa eta zuzendaritza: 9.635,30€.

  • Beartzungo Kuarteleko bidean ezponda zatia beheiti etorri da, bidea erortzeko arriskuarekin, eta 6 baserrietarako bidea hetsirik dago (Masterrena, Gamioa, Mutilasko, Xondonea, Gaztelua eta Jaimeneko borda). Harri-lubeta hormigoiztatua eginen da, 17 metro luze eta 3,5 metroko altuerarekin. Aurrekontua: 16.439,44€. Proiektuaren idazketa eta zuzendaritza: 1.417,19€.

  • Iruritako Arbuzko bidearen ezponda zatia beheiti etorri da eta kamioiendako hetsirik dago. Sei baserriearako bidea da (Legarrea, Marindolarenea, Estebenea, Etxezuria, Xenperenea eta Dendarieta). Hormigoiztatutako harri-lubeta eginen da, 13 metro luze eta 5 metroko altuerarekin. Aurrekontua 18.355,02€. Proiektuaren idazketa eta zuzendaritza: 1.582,33€.

  • Iruritako Arbuzko bidean Juanikotenean bordaren aldera bidea arraildua dago. Aurrekontua 5.018,81€.

  • Iruritako Legaletako bordako bidea arraildu da eta ezponda erori da, bidea erortzeko arrisku handiarekin. Legaletako borda eta Xurteneko bordarako bidea da. Bi harri-lubeta eginen dira; lehena 13 metro luzekoa eta 3 metroko altuerarekin eta bigarrena 22 metro luze eta 4 metro goiti. Aurrekontua: 40.161,17€. Proiektuaren idazketa eta zuzendaritza 3.462,17€.

  • Aritzakungo bidean ezponda zati bat erori da, bidearen azpian zuloa eginez eta bidea erortzeko arriskuarekin. Sumutsua eta Bedegorrietarat doa bidea. Hormigoiztatuko harri-lubeta paratuko da, 14 metro luze eta 3 metro goiti. Aurrekontua 10.741,23€. Proiektuaren idazketa eta zuzendaritza 1.203,76€.

Beartzungo, Iruritako eta Aritzakungo lanak hasi dituzte dagoeneko eta Oharrizkoa ez bertze, gainerakoak eginda daude. Hala ere, emergentziazko lanak ez diren bertze hainbat kalte utzi dituzte uberroek eta horien zerrenda eta azterketa egiten ari da Baztango Udala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun