Elizak immatrikulatutako ondasunen zerrenda partekatu du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 21a, 10:00

Ondasunen zerrenda eman dio Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteari

Elizak herri bakoitzean dituen ondasunen zerrenda bidali diete udalei, berreskuratu nahi izatekotan dagozkion izapideak has ditzaten.

Parlamentuaren eskariz egina, Nafarroako Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak osatu du Elizak immatrikulatutako ondasunen zerrenda. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak halako egoeran ondasunak dituzten udal eta kontzeju guztiei bidali die zerrenda. Helburua udalek hauen berri izan dezatela da, eta hortik aitzinera, entitate bakoitzak egoki ikusiz gero ondasuna berreskuratzeko dagozkion izapideak has ditzake.

Zerrendan ondasun bakoitzaren udalerria, lursailaren identifikazioa, inskribatze-titulua eta inskripzioan jasotako titularra zehazten da. Nafarroan 3.942 ondasun ditu Elizak bere izenean inskribatuak guztira.

Zerrendaz gain, Parlamentuak ondasun bakoitzari dagozkion ohar sinpleak ere igorri dizkio Federazioari, eta beraz ondasuna berreskuratu nahi izatekotan, udalen lehen urratsa ohar hauek eskatzea izanen litzateke. Gainera, Federazioko zerbitzu teknikoek gida bat osatu dute «immatrikulazioen arazoaren inguruan eta kaltetutako toki entitateek ondasunak ikertzeko edota berreskuratzeko egin ahal dituzten jarduketak azalduz».

Ikusi hemen Nafarroa osoko udalerrietan immatrikulatuak dauden ondasun guztien zerrenda. Dokumentuaren 60-68 orrietan daude eskualdekoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun