Arizkungo harrobiaren proiektuaz

250 herritar baino gehiago bildu ziren atzo Aintzialden Arizkungo harrobiaren kontra

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 20a, 09:00

Milotxuri Bizirik plataformak elkarretaratze deialdia egin zuen Arizkungo Aintzialde eta Bergara auzoetan eta Elbeteko Miloan egin nahi dituzten zundaketen kontra. 250 lagun baino gehiago elkartu ziren atzo Aintzialden «herritarron Baztan bat» nahi dutela aldarrikatzeko.

Imanol Etxeberriak irakurritako adierazpenean salatu zuenez, «herria mindua dago egitasmoaren berri izan duen moduarengatik. Lur Komunaletarako Batzar Nagusian ez da notifikazio edo baimen eskaerarik sartu, jabego pribatuen kasuan bezalaxe».

Joan den abenduaren 12ko herri-batzarrean egindako bozketa gogora ekarri zuen; «155 partaidetik aho batez ezezkoa erran diogu proiektuari. Harrobia egiteko gure lurrak erabili nahi dituzte, bertan jadanik dauden herritar eta langileen jardunak kontuan izan gabe, hala nola, abeltzaintza ustiategiak, nekazaritza jardunak eta gure hainbat herritarron etxebizitzak. Enpresa bat aberasteko gure herritarron miseria bilatzen duten enpresa zein proiektuei ozen erran nahi diegu gure lurretan ez duzuela lekurik izanen».

Akitzeko, prozesu honi aurre egiteko Milotxuri Bizirik plataforma sortu dutela adierazi zuen. «Plataforma honek indarra izan dezan, guztiok parte-hartzea beharrezkoa da, eta beraz plataforman parte hartzera gonbidatzen dugu herritar oro.  Milotxuri Bizirik eta Arizkungo herria elkarlanean jardungo gara herriaren eta lurraren defentsan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun