Abenduaren 15ean Arizkunenean antolatu zuen Baztango Eskola Ekosozialak eta Erdiz Bizirik plataformak solasaldia udalaren laguntzarekin. Erdiz eta meatzaritzaren gaia geopolitikaren ikuspegitik aztertu zuten Sustrai erakundeko Pablo Lorenterekin. Azaldu zuenez, «kapitalismoaren erauzketaren logika meatzaritzatik lurraldera hedatzen da, toki horietan bizi diren jendeenganaino, herrien geroaldia hipotekatuz».
Magnesita hartu zuten adibidetzat; «Brasilgo soja landa handietan erabiltzen da, Nafarroako makro behitegi eta zerritegiak bazkatzeko. Horrek nekazari ttipien ereduaren kontra egiten du. Horrela, eskala handian antolatzen den ekonomiak lurraldeetako baliabideak horren arabera antolatzen ditu, tokiko sistema ekonomikoak desantolatuz eta deseginez».
Nafarroako ekonomia eredua talde ekonomiko handien arabera antolatua dagoela azaldu zuen, «Volkswagen, adibidez». Hala ere, talde hauek «diru laguntza publikoen araberako konpromisoa bertzerik ez dute, auto-elektrikoen ekoizpenarekin oraintxe ikusi ahal izan denez. Laguntza publikorik gabe berehala lekutuko dira».
Magna enpresa Rouiller multinazionalarena dela aipatu zuen Lorentek, gaur egun gas kutsatzaile gehien isurtzen duen Nafarroako enpresetako bat. «Erdizko proiektua lurraldearen erauzketa hutsa bertzerik ez dela» azaldu zuen, «kapitalismo globalaren logika urineztatzeko. Bertako material guztia hartzen dutelarik ordainetan zulo handia uzten dute, bai fisikoa, baita ekonomikoa ere. Harrobia egin aitzinean ziren jarduera ekonomiko horiek gabe uzten dute eta denborarekin toki horien hustea ekartzen dute».
Sistema kapitalistaren oinarria «gelditu gabe haztea» dela azaldu zuten, «planetaren muga biofisikoen kontra eginez, bizitza bera kinkan utziz».