Cesareo Soule Arizkungo harginari 2021eko Txondorra Saria emanen diote Iruñeko udaletxean abenduaren 24an

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 16a, 19:00

Cesareo Soule, bere arte-lan ugarietako bat egiten.

Txondorra Sariaren zazpigarren edizioko sariduna Arizkungo Cesareo Soule hargina izanen da. Hirugarren belaunaldiko hargina da Cesareo Soule, bere aitatxi Juan eta bere aita Bautista ere halaxe izan baitziren. 73 urterekin lanean segitzen du Cesareok eta Albaro semeak ere arbasoen bidea hartu du. Abenduaren 24an, eguerdiko 12:00etan emanen diote saria Souleri Iruñeko udaletxean.

Abenduaren 14an bildu zen epaimahaia eta saria Cesareo Souleri ematea arrazoitu zuten. Honela, «bere arte-lan ugariengatik, aurtengo Jakobeo urtean Baztango Done Jakue Bideari egindako ekarpenean aurten izan duen harremanagatik, eta mugarriak eraikitzearekin Done Jakue Bideari egindako ekarpen pertsonalagatik, museo etnografikoagatik, eta, bertzeak bertze, harri-tailari egindako ekarpenagatik» eman diote saria. Bere ibilbide profesionalean, eta etxeen fatxadetan jartzeko noblezia-armarriak, hilerrietarako hilarri diskoidalak eta lapidak, etxeetako letreroak eta enkarguz egindako bertze hainbat lan ttikiago egin ditu.

Aurten, Donejakue Bideko hainbat herritan ikusgai jartzen ari diren Conocimiento del Camino/Bidearen ezagutza erakusketarako zenbait arte-lan utziak ditu Soulek, Nafarroako bertze zenbait artistek bezalaxe. Erakusketa hau Vianan izan da eta 2022 urtre gasieran Garesen, Urantzian eta Lizarran izanen da.

Txondorra Sariko epaimahaia Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko kultura kontseilariak; Enrique Maya, Iruñeko alkateak; Nafarroako Unibertsitateko Naiara Ardanazek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Roldan Jimenok, Nafarroako Kazetarien Elkarteko presidente den Patxi Perezek, Nafarroako Kutxa Fundazioko Irantzu Vazquezek eta Eusko Ikaskuntzako Mikel Aranburuk osatu dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun