Landa eremuko tranformazio digitalari buruzko jardunaldia egin dute Lekarozko Campusean

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 16a, 16:30

Campuseko eliza zaharrak hartuko duen enpresa-haztegia eta digitalizazio zentroa ezagutzera eman dituzte.

Landa-inguruneko eraldaketa digitalaren erronkari buruz hausnartu eta eztabaidatu zuten abenduaren 14an Lekarozken egindako jardunaldian. Garapen Ekonomikoko Departamentuak antolatu zuen ekitaldia, Lekarozko Enpresa Campuseko dinamizazio-taldearen eta Nafarroako Berrikuntza Sozialeko Unitatearen bidez. Bertan parte hartu zuten Joseba Otondo alkateak, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusia den Izaskun Goñik eta Guzman Garmendia Telekomunikazio eta Digitalizazio zuzendari nagusiak.

Lekarozko jardunaldian parte hartu zutenak.

 

Hiru lan-mahai egin zituzten saioan. Lehenbizikoan zerbitzu publikoei buruz aritu ziren eta 'Konektibitatea, Inklusioa eta Proiektuak' aurkeztu zuen Guzman Garmendiak. Harekin batera parte hartu zuten Jesus Izalek (NASERTIC) sarbidearen inguruan, Miriam Martonek (NEZ) enpleguaren ingurua eta Maria Sanz de Galdeanok (CEIN) ekintzailetza digitalaren inguruan.

Bigarren lan-mahaian erronkak eta tokiko aukerak landu zituzten, Mariaje Ganboak (Doneztebeko NEZ) moderatua. Bertan parte hartu zuten Felipe Saraguetak (Denok Bat) merkataritzaren inguruan, Nora Salbotxek (Herriko Eskolak) hezkuntzaren inguruan, Iñaki Ariztia Urdazubiko alkateak udaletako erronken inguruan eta Isabel Elizalde aholkulariak tokiko ekintzailetzaren inguruan.

Hirugarren mahaia mundu digitaleko lankidetzari buruzko izan zen. Juanjo Rubiok (UIS) ireki zuen, eta solasean aritu ziren Almudena de la Mata (Alastria) Blockchain Intelligenceri buruz, Ana Aguirre (MTA) Plarform Coops-en inguruan, ANELeko Enrique Ciaurriz, Enpresa sozialei buruz eta EHUko Anibal Mastobiza datuen etikari buruz.

Joseba Otondo Baztango alkatea eta Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusia den Izaskun Goñi.

 

Eliza, digitalizazio-zentro

Izaskun Goñik campuseko elizaren mintegiaren etorkizuna aurkeztu zuen; «ekintzailetza eta enpresa-lankidetza irekia sustatzeko espazioa da; bertan, IKT sektoreko enpresak instala daitezke edo digitalizaziora bideratzen direnak, hasierako garapen-fasean aurkitzen direnak, sinergiak sortu ditzaketenak start-up berritzaileak errazago sortzeko, eta lankidetza-ingurunean lanpostuak eskain ditzaketenak». Gainera, «azpiegitura hori Campusaren barruan sartzen dela, ikus-entzunezko sektoreko eta biofarmako jardueretan eta IKTen sektorean espezializatua», adierazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun