Ekonomia sozial eraldatzaileak garatzeko bildu dira Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 16a, 18:00

Azaroaren 19an 40 pertsona baino gehiago bildu ziren Arizkunenean Euskal Herriko Ekonomia Eraldatzailearen II. Topaketan

Baztango Udalak, OlatuKoopek, HEMEN elkarteak, ALB formazioak eta Andere Nahia elkarteak antolatu dute aurtengo ekonomia sozialari buruzko topaketa. Helburu nagusia material eta ez-material komunak kolektiboki lantzearen beharra izan zen, hau da, lekuko garapen ekonomiko eta sozialerako ezinbertzekoak diren baliabideak sortu eta antolatzeaz aritu ziren. Hainbat arlotako dozenaka herritar eta 20 eragile bildu ziren horretarako, 40 lagun baino gehiago guztira.

Hainbat gai landu zituzten: etxebizitzaren beharra, baso kudeaketa, nekazaritzarako lurren antolaketa… Informazioa kolektiboki lantzeko saiakeran ari diren eragileek oinarrian partekatzen dituzten erronkez eta aurrera begirako pausoez aritu ziren, eta bakoitzaren eremutik harago, estrategia integralagoak garatzeko beharra nabarmendu zuten. Jardunaldiari buruzko bideoak igo dituzte Youtubeko kanalera.

Bigarren edizioa

Aurtengo topaketa bigarrena izan da, 2019an Hendaian antolatu baitzuten OlatuKoop, Atelier Lan Berri, HEMEN eta Andere Nahia elkarteek Euskal Herriko Ekonomia Eraldatzailearen I. topaketa. Orain, honi segida eman nahi diote lau deitzaileek, eta hemendik aitzinera ere mugaz gaindiko proiektu eta sareak sortzen segitzea adostu dute. Ipar zein Hego Euskal Herriko ekonomia eraldatzailearen saretzean parte hartzeko dei egin dute, eta laster aukera berriak eta albisteak izanen direla jakinarazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun