Xake partida bat, adibidez

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 14a, 08:00

Baztango Talde Ekosozialeko Gorka Laurnagak larunbaterako antolatu duten xake tapelketan parte hartzeko deia egin du iritzi artikulu honetan Baztango Talde Ekosozialaren izenean. 

Elurra ari du kanpoan eta izeba polboroiekin pasatzen da sutondotik. Peoia mugitzen dut eta aitak «bff» bat askatu ondoren irribarre zabalez hartzen du patxaran kopa: «uste nuen xake matea kusiko zinuela… Joku madarikatue, xinplea maten du baino ze tentsioa!». Egia da, 64 laukitxo alproja bertzerik ez dira, baina erotzeko modukoak. Fisher berak ere, Einsteinek baina koefiziente altuagoa omen zuenak, burua galdu zuen, 64 lakuitxoetako batean galdu, batek daki zein urtetako ze txapelketako ze partidatan.

10000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000000

Hori da Xakean jokatu daitekeen partida ezberdin kopurua. Nik 300 inguru jokatu ditut, beraz, oraindik ez naiz aspertu. Munduan 1015 ile-izpi daude pertsona guztienak batuz gero (ileordeak ez dira kontuan hartzen), eta 1023 legar ale Lur planetan, 1082 atomo unibertsoan (oraindik zenbatzen ari dira). Baina jokatu daitezkeen xake partida ezberdinak 10120 (goiko zifra). Bueno, soilik «tipikoak» kontuan hartuta, xakeak onartu dezakeen partida ezberdin kopurua 10100.000 omen baita, eta beraz Ttipi-ttapa osoa hartu beharko genuke bakarrik zifra idatzi ahal izateko (proposatu diegu baina ez dute onartu). Berdin dio zifrak, kontua da ausarki direla, inoiz gizaki guztiak partidak etengabe eta etengabe jokatzen jarriz gero ere hurbilduko ez ginen zifra.

Xakea mundu ikuskera ekologikoaren metafora ederra da: 64 laukitxo dira, baina infinitua. Paper batean marraztu daiteke arkatz soil batekin, piezak botilen txapekin egin, eta, infinitu partida jokatu. Muga materialak ez dira aberastasunarentzat muga, beraz. Badira gozatzeko bertze moduak, bistan da. Racinga, Sheinen erosi, big mac bat jatea, instagramen arratsaldea pasatzea… Edo autokarabana, adibidez: sinetsi dugu askatasuna dela hiru tonako etxe batekin errepideak zeharkatzea: nire etxean, nire mikroondasarekin, nire altzariekin, nire gasolinarekin, baina denon atmosferarekin. Alderantziz badirudi ere, eredu batek mundua ttipitzen du, bertzeak, zabaltzen.

«Munduko garai zailenetako baten ateetan gauden honetan, ekologismoa ez da hartz polarrak salbatzea. Zibilizazio aldaketa baten proposamena da, gure bizitzeko moduak goitik bera eraldatzekoa»

Edertasuna ez dago gauzetan, noski, gizakiok gozatzeko dugun gaitasunean baizik. Pianoak 88 tekla bertzerik ez ditu baina egunero sortzen dira kanta berriak. Gozatzeko gaitasuna, baina, exkaxean dago gure mendebalde xahutzaile-hiltzaile honetan, eta gozatzeko gai ez garenok, kontsumoarekin ordezkatzen dugu gozamena. Noski, telebistak laguntzen digu zorigaiztokoak garela konturatzen, aldioro erraten baitigu «ez zaude ongi oraino, perfume formako gozamen hau falta zaizu» edo «Londresera 50€tan hegazkin bidaia, ez galdu aukera!. Ezer ez nuen galdu zuk jakinarazi aurretik! Dopamina errazaren jonki batzuen gisan gabiltza, eta iristen da zorion puska bat paketatua, «din-don», bere irribarre satirikoarekin.

Baina, gehiago ez da hobea, ongi dakite poetek. Bizitza xumeak berdin edo are gozagarriago izan daitezke. Hortaz antolatu dugu Baztango Talde Ekosozialak, eguberrien kontsumo zurrunbiloaren erdian, xake txapelketa xinple bat. Xakea joku ekosoziala baita. Pobreena aritu daiteke, zaharrena ere. Ez du pilarik. Ez du ingurumen inpakturik sortzen (online jokatuta bai, noski, kapitalak dena usteltzerik du). Infinitua da. Eta Baztanen asmatu zen (bueno ez baina mito guziak asmatzen dira noizbait).

Eraldaketa horren adar bat bertzerik ez da aisialdia, mendebaldarron aisialdi kriminala: gozatzen, denboraz gozatzen berrikasi behar dugu, inpaktu material-energetikoa duten aisialdi formetatik aldenduz, munduan gizaki guziak kabi daitezen. Xakean aritu, edo swing dantzatu euskalduna izanik, bihotza hausten duen liburu bat irakurri, edo elur gerran punteria egin auzokoarekin, bertso berriak asmatu, lagun bati galdetu bere oroitzapenez… Gozamenaren egitura irauli beharrean gaude, edo, bertze modu batera erranda: racing-, xake+. Egun, aho bete prozak bizi gara mundu nekatu batean, baina, bizi gaitezke libre, planeta osasuntsu batean. Eguberri hauetan oparitu denbora: xake partida bat, adibidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun