Maider Sobrino Urrutia

«Zerbitzua eta aurrez aurreko tratua dira gure indarguneak»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 16a, 12:00

Laugarren belaunaldia da Maider Sobrinorena Elizondoko Fantxike dendan. «Gure birramatxik, Fantxikek, duela 90 urte inguru ireki zuen denda». Mertzeria bat zen hasmentan, baina denborarekin eskaintza zabaldu dute eta «denetatik» saltzen dute orain bertan; haur, emakume eta gizonen arropa, osagarriak, pijamak eta batak, turistendako oroigarriak, jostailuak… «Baserritar jantziak dira gure fuerteetako bat, baina batez ere bularretakoak eta barneko arropa. Neurri handiko sujetadoreetan espezializatzen gara».

Oporren atarian gaudela, «Gabonetako erosketak denborarekin egitea» gomendatzen du, «baina azkeneko momentura arte ez dugu pentsatzen zer oparitu edo ez gara animatzen erostera eta azkenean bertako komertziora jotzen dugu presaka. Guretako abenduaren 15etik aurrera hasten dira Gabonetako erosketak, jende gehiago ikusten da orduan».

Badira erosketak Internet bidez egitea erabakitzen dutenak, baina «zerbitzua eta aurrez aurreko tratua» dira herriko denden indargunea; «Internetetik erosita ez duzu inolako zerbitzurik, produktua ez gustatzea gertatu daiteke, zailago da bueltatzeko… hemen erosita dendariak jakin beharreko guztia azalduko dizu». Honi esker, «komertzio ttikiak biziko gara, estutasun aunitz pasako ditugu, baina biziko gara».

Izan ere, «arras kontent» dago Sobrino bezeroekin. 25 urte daramatza dendan lanean, eta «denbora hobeak bizi izan ditugu, baina txarragoak ere bai. Ez gara kexu». Komertzio guztiek bezala, pandemiaren ondorioa nabaritu dute, «baina bertako jendea arras ongi portatzen ari da».

«Argi dugu asoziazionismoa ikaragarri ona dela guretako»

Elkarteen garrantzia ere azpimarratu digu. 'Bertan' Baztango merkatarien elkartea 2006an sortu zen eta hasieratik hor egon da Fantxike; «Argi dugu asioziazionismoa ikaragarri ona dela dirulaguntzak lortzeko, promozioak egiteko, ikastaroak antolatzeko… bakarrik lortu ezin duguna lortzeko. Bertze merkatariak lankideak dira, ez lehiakideak. Informazioa elkarri eman behar diogu eta elkar lagundu».

Elkarteak urtero egiten du kanpaina bereziren bat Gabonetan. «Azken urteetan tonbola bat egin dugu eta iaztik saskiak zozketatzen hasi gara. Komertzio bakoitzak 50 euroko opari bat ematen du eta hiru saski txukun osatzen ditugu». Erosketak egiteagatik zozketan parte hartzeko aukera izanen dute bezeroek eta abenduan hiru astetan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.

Elizondo apaintzeaz ere arduratzen dira, herriari kolorea eta argia emanez. «Egia da guk dendan ez dugula hainbertzeko zaletasunik, baina beti saiatzen naiz zerbait egiten; erakusleihora arropa gorriak edo neguko marrazkiak dituzten pijamak ateratzen ditut, atean Olentzero bat izaten dugu eskutitzak botatzeko aukerarekin…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun