Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Etengabe garatzen ari den sortzailea.
Zein dira zure zaletasunak?
Musika aditzea eta sortzea, leitzea, antzeztea, idaztea, era guzietako jende eta kulturak ezagutzea, filosofatzea… Nire zaletasunak nire lanbide bihurtzea da nire helburua.
Zer ikasten ari zara?
Antzerkia ikasten ari naiz Madrilen. Musikari buruz ere gauza aunitz ikasten ari naiz Interneten eta liburuen bitartez, autodidakta moduan. Etengabe ikastea eta berritzea arras garrantzitsua da.
Zergatik Madrilen?
Nire marketin irakasleak erran zidan bezala, Madril Espainiako Hollywood da. Aukera pila daude eta jende aunitz dago industrian gauzak egiteko eta kolaboratzeko desiatzen. Bizitza nik bezala ikusten duen jendea ezagutu nahi nuen.
Zer espero duzu ikasturte honetan?
Gogotik ikastea eta hainbat proiektutan lan egitea.
Noiz hasi zinen musikarekin?
Zortzi urterekin maitemindu nintzen musikaz, eskolan irakasleak pianoa jo zigun egun batean. Bederatzi urterekin hasi nintzen musika eskolan. Pianoa, gitarra eta baxua jotzen ditut.
Zein izan da zure ibilbidea?
Zuzeneko emanaldiekin hasi nintzen duela urte batzuk eta orain nire lehen singlea kaleratuko dut.
Oholtzaren gainean, kantatu edo antzeztu?
Kantatu, dudarik gabe. Musika konpartitzea arras berezia eta polita da. Antzeztea niretako arras intimoa da, pertsonaian eta bizitzen ari den egoeran arras sartuta egon behar dut, hortaz nahiago dut kameraren aitzinean antzeztu.
Ba al duzu proiekturik buruan?
Abenduan film labur batzuk grabatzen ariko naiz, eta aurki argitaratuko dut nire lehendabiziko kanta. Proiektu gehiago dauzkat buruan… Laster izanen dut gehiago kontatzeko aukera.
Zure asmoak epe motzera?
Casting aunitz egitea eta hainbat proiektutan parte hartzea. Nire film laburrak sortzea ere gustatuko litzaidake.
Eta epe luzera?
Sormena hainbat alorretan lantzea, nire proiektuak gauzatzea eta nire helburuak lortzea. Arteaz eta bizitzaz gozatzen eta ikasten segitzea.