ELA eritasuna ikusarazteko eta elkartasuna adierazteko bitartekoa izan da futbola Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 9a, 12:00

Infantil mailako futbol torneoan Osasuna nagusitu zen eta Alberto Armendariz Txapela ohoratu zuten larunbatean Giltxaurdin. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Nafarroako Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkartearen (ANELA) aldeko hitzordua izan zuten abenduaren 4an Elizondon. Giltxaurdi futbol zelaian elkartuta, hainbat futbol partidu jokatu zituzten Real Sociedad, Osasuna, Alavés, Baztan eta Doneztebe futbol taldeetako jokalari infantilek.

2018an antolatu zuten lehenengoz futbol txapelketa. Nafarroan Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten eriak eta haien senitartekoak biltzen dituen elkarteari laguntzeko helburuarekin. 2019an egin zen bigarrena eta iazko geldialdiaren ondotik, abenduaren 4an, larunbatean, izan zuten hirugarren edizioa eta aitzinekoak bezain arrakastatsua izan zen; parte-hartzea handia, kirolean giro jator eta goxoan, gaixotasuna ikustaraztea lortu zuten.

Kirol arloan, Osasuna futbol taldea nagusitu zitzaion Real Sociedad taldeari finalean (1-0). Hirugarren posturako lehian Alavés gailendu zitzaion Baztani eta Doneztebe bosgarren izan zen.

Alberto Armendariz Txapela izan zen larunbateko ekitaldiko bertze protagonista. 2018an ELA diagnostikatu zioten eta aurkezpenean azpimarratu zuenez, «terapia ezberdinetarako eta ikerketarako dirua lortzea ezinbertzekoa da». Errealeko jokalariek oroigarria ere eman zioten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun