Asteburu kulturala ospatu dute asteburuan Anizen

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 7a, 16:00

Hondar urteetan egin ohi den gisan, aurten ere asteburu kulturala izan dugu Anizen.

Argazkiak eta testua: Maitane Maritorena

Abenduaren 3an, Juan Anjel Perotxena artista baztandarraren bisita izan genuen Anizen egin duen muralaren nondik norakoak azaltzera. Azalpenen ondotik elkartean krepe ikastaroa izan genuen. Taldeka banaturik, haur eta gazte krepeak egiten aritu ziren Oihanen gidaritzapean, eta lanaren ondotik, egindakoaz gozatzeko, krepe jate ederra egin zuten bertaratu zirenek.
 
Ikastaroaren ondotik, hondar urteotan egin izan den bezala, fotohurrupe izan zen. Aitzineko urteetako argazki emanaldia ikusteaz gain, hainbat edariren dastaketa. Begiak tapaturik edaten zutena zer zen asmatu behar zuten parte hartzaileek, edari guztiak asmatu zituena bakarra izan zen.
 
Abenduaren 4an, larunbatean, goizen egitekoa zen mendi itzulia bertan behera gelditu zen eguraldi txarrarengatik (bertze egunen batean eginen da paraje izenak paratzearena). Arratsaldeko ekitaldiak gorapean zirenez, eguraldi txarra izanagatik, berdin-berdin egin ziren. Herritarren arteko jostetekin ederki gozatu zuten haurrek. Akitzeko, Alazne Untxalo eta Iker Gorosterrazurekin bertso saioa izan zen elkartean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun