Herri Lan Departamentuak prentsara igorritako oharrean zehazten denez, Elizondotik N-121-B errepidera sartzeko egin nahi duten zuzeneko irteera berria Menditurri karrikan hasiko da, 5 metroko galtzada izanen du, azpiko pasabide batetik ailegatuko da saihesbideraino eta behin Iruñerako noranzkoan abiatuta, 50 metro luzerako azelerazio errei bat izanen ditu. Prentsa oharrak ez du erraten bide berria noizko eginen den ez eta zenbateko aurrekontua izanen duen.
Herri Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro López, Baztango alkate Joseba Otondorekin, Florentino Goñi Herri Lanetako zinegotziarekin eta Aitor Bazterrika Elizondoko alkatearekin bildu zen atzo bide berri honen xehetasunak azaltzeko. Bilera horretan parte hartu zuten ere Josetxo Lópezek, Azterlanen eta Proiektuen Zerbitzuko zuzendariak eta Mª Carmen Gonzálezek, Proiektuen Ataleko buruak.