Carlos Garaikoetxea Elso

«Alkatetza niretako ikasketa prozesu bat izaten ari da»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 6a, 09:00
Etorkizun «ezin hobea» ikusten dio Carlos Garaikoetxeak Berroetari.

Hirugarren agintaldia du aurtengoa Carlos Garaikoetxeak Berroetako alkatetzan. «Gustura nago eta beti izaten dut buruan hobetu behar den zerbait. Alkatetza niretako ere ikasketa prozesu bat izaten ari da».

Lanen banaketa

Hainbat zeregin ditu alkateak, haien artean, «herrikoek egiten dituzten eskaerei erantzutea eta hobekuntzak egiteko proposatzen dituzten ideiak biltzea». Herritarren eta udalaren arteko bitartekaritza lanak ere egin behar ditu, eta Batzar Nagusian parte hartu; «horrek bilerak, jardunaldiak eta abar egitea eskatzen du». Horrez gain, «herriko gauza garrantzitsuak erabakitzeko batzarrak egiten ditugu eta auzolanetarako deialdiak ere bai».

«Zorionez, hemen jendea beti egoten da gauzak egiteko prest»

Carlos GARAIKOETXEA, Berroetako alkatea

Baina lan guztiak ez dira alkatearenak, «Amalur, Mikel eta Iñaki kargudunak uraren aferaz arduratzen dira, kontadoreak kontrolatzeaz, fakturazioak egiteaz eta iturriak garbi mantentzeaz». Bertzelako kontuak «denon artean» egiten dituzte; bestak, aste kulturala, mendi lasterketa… «Baina gazteak dira gehien mugitzen direnak. Zorionez, jendea beti egoten da gauzak egiteko prest».

Batzuetan desadostasunak edo gaizki ulertuak sortzen badira ere, «garrantzitsua da solastatzea, baina aktiboki, hau da, bertzeen iritziak ulertzen saiatuz».

Herria hobetzea helburu

Karguan hasi zenetik, hainbat aldaketa egin dituzte herrian; «herriko plaza kotxez beteta egoten zen, eta lortu genuen aparkaleku bat egitea. Plaza ederra gelditu zaigu geroztik». Bertzetik, herriko asketan pultsadoreak zituzten, «eta barneko ura usteltzen hasia zen». Hori konpontzeko, ur deposituaren soberazko ura tratatu gabe eraman zuten, «eta orain ur garbia dugu asketan, eta arras ona gainera, klororik gabe». Herriko zenbait pista hormigoitu dituzte, «eta hauez gain, betiko gauzak antolatu ditugu; bestak, inauteriak… Aipatzekoa da hau dena beti auzolanean egiten dugula». 

Etorkizunera begira

Herrian hainbat behar ikusten ditu Garaikoetxeak; «frontoia ongi ixtea, baserrietara joaten diren bide batzuk hormigoitzea, birziklapena hobetzea eta ekintza kultural gehiago egitea, adibidez». Baditu bertze hainbat kezka, hala nola, «gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzea, jakinda arras zaila dela eta ez dagoela gure esku», edota «komunitate energetiko bat sortzea herrian».

«Herria bizirik dago eta gazteek hemen gelditzeko asmoa dute»

Carlos GARAIKOETXEA, Berroetako alkatea

Nafarroakoa iparraldeko bertze herrietan bezala, «neurri handiko etxe zaharrak hutsik gelditzen ari dira, arras konplexuak eta garestiak baitira birgaitzeko. Vianako Printzea Erakundearen, Nafarroako Gobernuaren eta udalen arteko ekintza bateratua behar da arazo horri irtenbidea emateko, bertzenaz, azkenean, herrietako etxe zaharrak galduko dira».

Hala eta guztiz ere, etorkizun «ezin hobea» ikusten dio Garaikoetxeak Berroetari; «herria bizi bizirik dago, ume dezente sortu dira azkeneko boladan eta gazteek hemen gelditzeko asmoa dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun