Gazte Koordinadora Sozialistak adierazi duenez, «pandemia hasi zenetik, nahieran erabili gaitu burgesiak. Urtebete beranduago ilegaltzat jo diren konfinamenduekin hasi eta orain Covid pasaportea ezartzera arte». Burgesiak fokua langileengan paratu izana salatu dute, «osasun-arazo bati osasungintza indartuz aitzin egin beharrean, gure eskubideak murriztu ditu behin eta berriz. Burgesiak agerian utzi du, bertze behin, politikari profesional eta estatuaren bidez hartzen diren neurriak ez direla guztion mesederako izaten, burgesen interesak babesteko baizik».
Neurri hauekin, «estatu burgesa gero eta forma autoritarioagoa» hartzen ari dela eta «gero eta modu otzanagoan bizitzera behartzen gaituztela» aldarrikatu dute. Honi aitzin egiteko, «langile mugimendua antolatzeko beharra» nabarmendu dute, «kapitalismoari kontrajarriko zaion antolakuntza komunista» sustatuz.
Gazte elkarteak adierazi duenez, Covid ziurtagiriak «farmazeutikoen eta enpresari handien interesei» erantzuten die. Gainera, «kontrol sozialerako bitartekoa» dela salatu dute, eta «osasun aterabide errealik» planteatzen ez duela.