Agoteen jatorria aztertzeko 3.000 euroko dirulaguntza onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 26a, 19:00
Maitane Tirapu arkeologo eta antropologo nafarra DNA proba bat egiten

«Bozateko biztanleek historikoki sufritutako bazterketa aitortzeko eta erreparatzeko» finantzatu du Baztango Udalak ikerketa hau

Madrilgo Complutense Unibertsitateak agoteen jatorriari buruzko azterketa bat abiatu zuen 2020an Biologiako Fakultateko Antonio Gonzalez Martin ikerlariaren zuzendaritzapean. Horretarako, Bozateko barrideen hainbat DNA lagin hartu zituzten, agoteen ondorengoak izan daitezkeenak, eta Baztango bertze hainbat biztanleren laginekin konparatu zituzten.

Orain, DNAren laginen ikerketarekin segitzeko, mitogenoen sekuentziazio osoa eta kromosomen karakterizazioa egin behar dute. Hau Compostelako Donejakuen egin behar da, Genotipoaren Zentro Nazionalean. Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute orain arte ikerketa, biek adostutako hitzarmen baten bidez, baina finantzazioa behar dute oraindik ere. Horregatik, Baztango Udal taldeak aho batez adostu du 3.000 euroko dirulaguntza ematea.

Udalak «Bozateko bizilagunek historikoki sufritutako bazterketa aitortzeko eta erreparatzeko» aukera gisa ikusi du dirulaguntza, baita «komunitatearen jatorria sakonago ezagutzeko» aukera bezala ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun