Azaroak 25

Indarkeria matxistaren kontra elkartu dira Elizondon eguerdian

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 25a, 16:30

Gaur 19:00etan Elizondoko plazatik abiatuko den mobilizaziorako deialdia egin du Oianko Garde berdintasun zinegotziak

Irudiak: Baztango Berdintasun Zerbitzua

«Indarkeria matxista desagerrarazteko duten konpromisoa erakusteko» eta «biktimak direnei edo izan direnei elkartasuna adierazteko» bildu dira 12:00etan Elizondoko plazan Baztango Udaleko kideak eta herritarrak. Oianko Garde berdintasun zinegotziak adierazi duenez, «ez gaur bakarrik, urteko egun guzietan denek indarkeria matxista gure gorputzetatik eta bizitzetatik kanpo ateratzeko esfortzua egiten segitu behar dugu».

Egoeraren larritasuna plazaratzeko, estatuko azken urteetako datuak eman dituzte; «2003az geroztik, 1.113 emakume erail dituzte. Datu ofizialen arabera, 2021eko azaroaren 22ra artio, 37 emakume hil dituzte bikotekideek edota bikotekide ohiek. Zenbaki hori 70era igotzen ahal da femininicidio.net-en arabera. Baina kopuru horiek  bikotekide edo bikotekide ohien testuinguruan ematen diren indarkeria islatzen dute bakarrik, bertze errealitate eta indarkeri mota batzuk altxatzen dituzte sexu-indarkeria edota indarkeri bikarioa, bertzeak bertze». Nafarroan aurten «1.213 salaketa aurkeztu dira emakumeen kontrako indarkeriagatik, hauen % 72a indarkeria fisiko edota psikologikoagatik».

Emakumeen kontrako indarkeria «giza eskubideen urraketa zuzena dela» oroitarazi du, eta beraz denok «indarkeria matxistarik gabeko jendartea eraikitzeko betebehar legal, politiko eta etikoa» dugula. Biktimei elkartasun mezua bidali die; «ez zaude bakarrik, zurekin gaude».

Akitzeko, Baztango talde feministak eta Iñarrosi neska* gazteen taldeak antolatutako manifestaldira deialdia egin du, gaur 19:00etan Elizondoko plazatik abiatuko dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun