Langileek jakinarazi duten arabera, «ia medikurik gabe gelditu dira, Elizondoko plantilla osatzen duten bortz langileetatik bakar bat bertzerik ez dago lanean eta biztanle guztiei eman behar die arreta. Hori gutxi balitz, pediatrarik ez dago». Arazoak konpontzeko neurriak hartzea «behar-beharrezkoa» dela adierazi du LAB sindikatuak. Egoera «onartezina» dela salatu dute, «herritarrak gero eta isolatuagoak gelditzen ari direlako, are gehiago N-121-A errepideko obren eraginez».
Baztango egoera «Nafarroako hainbat eremutan, batez ere landa eremuetan, orokortua dagoen arreta faltaren adibide garbia dela» adierazi dute. «Oinarrizko Osasun Laguntzaren kudeatzaileen eta Santos Indurain kontseilariaren utzikeriaren ondorioz, arras desberdintasun handiak sortzen ari dira Nafarroako eskualdeen artean». Osasun etxeetako arretaren gainbehera «aspalditik» orokortzen ari dela jakinarazi du sindikatuak; «irisgarritasun ezak, arreta jasotzeko zailtasunak, baliabide ezak eta Covid zifren igoerak soken aurka jarri dute Oinarrizko Osasun Laguntza».
Oinarrizko arreta ardatz nagusi duen plan berria «asmo-adierazpen politiko bat bertzerik ez dela» salatu dute, «egoera konpontzeko irtenbide eraginkorrik planteatzen ez delako». Horregatik, «mobilizazioak egiteko unea iritsi dela» adierazi du LABek, «herritar eta langile guztiek bat eginda Osasunerako aurrekontu duin bat lortzeko, oinarrizko laguntza eraginkorra eta irisgarria izan dadin eta zainketen jarraipena bermatua izan dadin».