Karriketako argien auditoria egin du Baztango udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 24a, 17:00

Elizondoko ikuspegia gauez.

Baztanen 2.352 argi puntu daude eta urteko kontsumoa 1.168.666 kWh-koa. Horrek urtearen buruan ekartzen duen fakturaren kostua 157.770 eurokoa da.

Baztango karriketan dauden argiak aztertu ditu udalak Eficen enpresari emandako lanarekin. Azterketak oraingo kontsumoa gutitzeko eta eraginkorragoa izateko proposamenak egiten ditu, «gehiegizko kontsumoak ingurumenean eta ekonomian dituen ondorioengatik». Auditoriaren kostua 16.698 eurokoa izan da eta proiektuarena 2.117,50 eurokoa.

Argiteria erregulatuz, potentziak gutituz eta lanparak aldatuz, kontsumoa 1.168.666 kWh-koa izatetik 233.733 kWh-etara jausteko proposamena egiten du txostenak. Honek 126.216 euroko aurrezpen ekonomikoa ekarriko du, eta horretarako 1.277.160 euroko inbertsioa egin beharko litzateke.

Hau lortzeko, azaroaren 4an Espainiako Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak argitaratutako laguntzen deialdira 500.000 euroko aurrekontua duen proiektua aurkeztu zuten. Deialdi honek proiektuaren %85 artio laguntzen du.

Proiektuarekin argiteria eraginkorragoa lortu nahi dute, energia aurreztuz erabiltzaileak kaltetu gabe. Gaueko orduen baldintza naturalak ahalik eta gehien mantendu nahi dituzte, «ekosistemaren hobe beharrez». Gainera, argien gaueko dirdirak zerua ikustekorakoan dituen ondorioak prebenitu eta etxeetan sartzen den argiak sortutako eragozpenak gutitu nahi dituzte.

Azterketaren neurri guztiak betez gero, energia kontsumoa 934.933 kWh guttituko litzateke, hau da, 233.733 C02 kg isuri saihestuko litzateke. Hau 116 autoren isuriaren edo 10.658 zuhaitz landatzearen baliokidea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun