Sei bikote nafar eta Arabako bakarra lehiatu ziren igandean Lezaunen Euskal Herriko arpana txapelketa mistoaren bila. Azkenean arabarrak, Garbiñe Lopez de Uralde eta Jon Laparan segundo bakarragatik gailendu zitzaizkien Nafarroako txapeldunei, Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberenari. Podiumeko hirugarren koxkara Sela Goñi eta Jesus Goñi lekaroztarrak igo ziren.
Lehia estua izan zen bi lehenbizikoen artean. Lopez de Uraldek eta Lapazaranek 5 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten 45 ontzako enborrari hamabortz epai egiteko eta Iraizozek eta Barberenak 5 minutu eta 19 segundo. Segundo bakarreko aldea, beraz, bi lehenbizikoen artean. Hirugarren postua Sela Goñi eta Jesus Goñi lekaroztarrendako izan zen (6.48). Antsoaingo Irune Biurrun eta Dani Saldias arraioztarra laugarren izan ziren (7.01), Uxue Rodriguez eta Iosu Huarte bosgarren (7.42), Nerea Guarte eta Ikar Goldarazena seigarren (8.04) eta Saioa Izura eta Lur Gil zazpigarren (8.39).