'Nafarroa organikora apuntatzen da' kanpaina Lekarozen aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 22a, 10:00

Etxean sortzen den hondakinaren erdia izaten den materia organikoa bereiztera eta birziklatzera animatzeko kanpaina da eta eskualdeko hainbat lagunek parte hartu dute

‘Nafarroa Organikora apuntatzen da’ kanpainaren aurkezpena egin zuten ortziralean Lekarozen. Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolaketa kontseilaria eta Nafarroako Hondakinen Kontsortzioko presidente den Beñardo Cirizak aurkeztu zuen ekimen hau. Kultura, kirola, zientzia edo politika arloetako 125 pertsonek baino gehiagok parte hartu dute kanpaina honetako bidean, tartean eskualdeko hainbatek.

Azaroaren 20tik 28ra ospatzen ari dira Europako Hondakinen Prebentziorako Astea (EWWR) eta horren harira egin zuten ortziraleko aurkezpena Lekarozen. Cirizarekin batera, Xabier Maia Baztango alkateordea, David Campion Irumerriko Mankomunitateko presidentea, Fernando Mendoza Hondakinen Kontsortzioko kudeatzailea eta Nafarroako bertze mankomunitatetako ordezkariak.

Lekarozen egin zuten kanpainaren aurkezpena joan den ortziralean.

Organikoa etxeetan sortzen den hondakinaren erditsua izaten da eta egoki bereiztea funtsezkoa da zabortegietara ahalik eta hondakin guttien ailegatzeko. Nafarroan 2020an 41.599 tona materia organiko bildu ziren.

 

Eskualdeko pertsonaia ezagunak bideoan

Kanpaina honetan Nafarroako 125 pertsona ezagunek parte hartu dute, horietatik aunitz eskualdekoak: Estitxu Pinatxo Berako abeslaria, Itxaso eta Irune Elizagoien Etxalarko trikitilariak, Patxi Larretxea Arraiozko herri kirolaria, Oinatz Bengoetxea eta Iera Agirre Leitzako pilotariak, Saioa Jaurena Elizondoko errugbi jokalaria, Iñaki Perurena Leitzako harri-jasotzailea, Julen Larretxea, Aimar Saldias, Eloi Otxandorena, Josetxo Ezkurra eta Aimar Jabalera Malerrekako erremontistak, Diana Iniesta Erratzuko margolaria edo Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunak ageri dira, Nafarroako kirol, kultura, gizarte eta politika arloko bertze hainbat lagunekin batera.

Kanpainaren kartela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun