Euskal Herriko trontza txapelketa mistoa azaroaren 21ean jokatuko dute Lezaunen

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 18a, 10:00

Euskal Herriko arpana mistoa irabazteko Lezaunen lehiatuko diren zazpi bikoteetatik sei nafarrak izanen dira.

Sela Goñi eta Jesus Goñi lekaroztarrak eta Irune Biurrunekin ariko den Dani Saldias arraioztarra dira eskualdeko ordezkariak. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean hamabortz epai egin beharko dituzte.

Euskal Herriko trontza txapelketa jokatuko dute azaroaren 21ean, igande eguerdiko hamabietan Lezaungo pilotalekuan. Zazpi bikote ariko dira, horietatik sei nafarrak eta bertzea arabarra. Eskualdeko hiru kirolari ariko dira: Lekarozko Sela Goñik eta Jesus Goñik bikote eginen dute eta Dani Saldias arraioztarra Antsoaingo Irune Biurrunekin ariko da. Nafarroako txapelketan bigarren eta hirugarren izan ziren.

Beraiekin batera, Nafarroako txapeldun izandako Eltsoko Ainhoa Iraizoz eta Iraizotzeko Josetxo Barberena, Uxue Rodriguez eta Iosu Huarte, Nerea Huarte eta Iker Goldarazena, Saioa Izura eta Lur Gil bikote nafarrak eta Garbiñe Lopez de Uralde eta Ion Lapazaran arabarrak ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun