Azaroaren 20an etxebizitzaren eskubidearen aldeko eta espekulazioaren kontrako manifestazioa izanen da Baionan. Bertan parte hartzeko deialdia egin dute Baztango Talde Ekosozialak eta Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformak, «etxebizitzarekin gertatzen ari dena salatzeko, herritarren kontzientzia ernarazteko eta politika publiko berriak eskatzeko».
Etxebizitza duina lortzea eta herrian bizitzea geroz eta zailagoa dela salatu dute, eta arrazioak «aspalditik ezagunak» direla adierazi dute; «lurraldearen erakargarritasuna, goi mailako turismoa eta masa turismoa, lurraren prezioen inflazioa, lurren kudeaketa kolektiboaren eskasa, alokairuen goratze izugarria, espekulazioa, bigarren bizitegien eta Airbnb gisako bizitegi iraunkorren biderkatzea, etengabeko urbanizazioa, etxe hutsak zaharberritzeko politika urriak, bizitegi sozialen eraikitze eskasa, larrialdiko bizitegien gabezia…».
Arazoa hauek konponbidea dutela jakinarazi dute, «borondate politikoa izanez gero eta baliabide berritzaileez baliatuz». Horregatik, etxebizitza politika egoki batek kontuan hartu beharreko hainbat oinarri eman dituzte:
- Etxebizitzen eta lurren merkatuaren erregulazioa: 'Esku ikusezin' famatu horrek ez dezala gehiago tokiko jendea kanpora bizitzera behartu. Etxeak eta apartamenduak bizitzeko tokiak izan behar dira, ez espekulatzeko ondasunak. Lehentasuna urte osoko alokairuei eman behar zaie, behin-behinean Airbnb bezalako egituren bidez alokatzen diren bizitoki turistikoei baino.
- Lurraren eta etxebizitzaren kudeaketa publikoa: Lurrak erosteko herri edo herriarteko politikak sendotuz, laborantza lurrak babestuz, etxebizitza sozialak merkatu espekulatiboan eror ez daitezen neurriak hartuz…
- 'Etxebizitza bat denendako' printzipioari lehentasuna: Bigarren bizitokien kopurua mugatuz, fenomeno horren ttipitzeko neurri fiskalak hartuz.
- Etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidea errealki gauzatuz: Alokairuen prezioak erregulatuz, bizitoki sozialen kopurua azkarki handituz eta bizitoki sozial eta urgentziazko aterpetze toki gehiago sortuz.
- Urgentzia ekologiko eta klimatikoekiko uztargarritasuna, artifizializazioa gelditzeko neurriak eta janari burujabetasuna: Bizilekuen dentsitatea kontuan hartzea, herria herriaren gainean garatzea, bigarren bizitokiak eta bizitegi hutsak urte osorako bizigarri bilakaraztea…
Hau guztia aldarrikatzeko eginen da manifestazioa azaroaren 20an 15:00etan Baionan. Harat joateko autoak antolatuko dituzte Baztandik, eta beraz larunbatean 13:00etan Elizondoko plazan dute hitzordua.