2021eko Onenak paleta goma txapelketa jokatuko dute ortziralean eta larunbatean Elizondoko Antxitonea trinketean. Txapelketan bildutako dirua Xauli elkarteari emanen diote, ezintasun psikikoa duten pertsonekin lan egiten duen Baztango aisialdirako taldeari.
Azaroaren 19an finalerdiak jokatuko dituzte; Joseba Oskariz eta Asier Argarate (2020ko Antxitoneako txapeldunak) Miki Fernandez Lazkoiti eta Iñigo Ansoren aurka (2018ko Munduko txapeldunak) arituko dira 19:00etan. 20:00etan, berriz, Ramuntxo Ameztoi eta Arnaud Bergerot (2019ko Onenak-eko txapeldunak) Ibai Baron (2019ko Torneo del jamon-eko txapelduna) eta Mikel Argarateren (2010/11ko Antxitoneako 2. txapelduna) kontra arituko dira. Finalerdiak debalde izanen dira.
Azaroaren 20an berriz final handia izanen da. 18:30ean galtzaileen txanda izanen da, 3. eta 4. postuak erabakitzeko. 19:30ean sailkatutakoak arituko dira norgehiagoka, txapela janztearren. Sarrerak bortz euroko prezioa izanen du larunbatean eta afaria eskatzeko aukera ere izanen da 636 294 660 (Josetxo) telefono zenbakira deituta.