Izan ere, Baztango Udala I. Berdintasun Plana ebaluatzen ari da Elhuyarrekin batera. Lanketa horretatik abiatuta bide-orria zehaztuko da, eta bide-orri hori erabiliko da hurrengo urteetarako plangintza osatzeko.
Ez da lehenbiziko bilera izan, dagoeneko emakume migratuekin eta hainbat sektoretan lanean dabiltzan emakumeekin bildu gara, baita udaleko teknikari eta politikariekin ere. Oraingoan ere, berdintasuna lortzeko emakumeen saretzearen eta ahalduntzearen beharraz solastatu gara.
Nabarmentzekoa da belaunaldi-erreleboa dela emakume nekazariek duten kezka garrantzitsuenetako bat. Emakumeek baserrietan egin izan duten lana ikusezina izan da, eta horrek ekonomian, edo hobeto esanda, pobrezia arriskuan eragin zuzena du. Ogibide honetan aritzeko arazo andana topatzen du emakume baserritarrak: kotizatzeko zailtasunak, pentsio baxuak, ekoitzitakoaren prezio baxuak eta abar luze bat.
Horri guztiari bertze zailtasun bat gehitzen zaio, izan ere, baserriak iraun badu familien arteko transmisioari esker izan da, beraz nola sartzen ahal da ogibide horretan baserri familiarik ez duena? Zentzu horretan baserritar berriek aunitzez aukera gutxiago dituzte. Zer erranik ez baserritar gazteak eta emakumeak badira.
Rol eta estereotipo aunitz dauzkagu hausteko, ez soilik emakume eta gizonen berdintasuna sustatu nahi bada, baita baserrien biziraupena ziurtatu nahi bada ere.