San Martin egunean herriko helduenen bazkari batekin hasi ziren ekitaldiak. Urtero bezala, elkartean bildu zen herritar andana bat!
Larunbatean ere izan zen zer egin. Goizean auzolana egin ondotik, arratsaldean haurren txanda ailegatu zen. Herriko neska batek egin zuen Graduko Amaierako Lanetik abiatuta, gure aitatxi eta amatxiek egiten zituzten jolasak erakutsi zitzaizkien haurrei: atxenka, salto motxa, akandreak… denetatik probatu zuten eta baita ederki pasa ere! Gero, txokolate beroa edanez goxatu zuten arratsaldea.
Ekitaldiak borobiltzeko, gabaz, Santxotenak alaiturik, afaria izan zen elkartean. Herritar ugari elkartu ziren hemen ere eta dantza zein kanturako aukera ez zuten pasatzen utzi!
Argazkiak eta testua: Maialen Iantzi