Segundo bakarrarengatik ihes egin dio Euskal Herriko lokotx-biltzeko txapelak Asier Gamio berroetarrari

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 15a, 14:00

Larunbatean Laukizen lokotx-biltzen eta lasto-jasotzen aritu ziren kirolariak.

Jon Larrañaga gipuzkoarra suertatu zen txapeldun larunbatean Laukizen eta lasto-jasotzen, berriz, Jose Martin Bustiza Tubi bizkaitarra.

Segundo bakarra ez da alde handia lokotx-biltze txapelketan, baina segundo bakar horregatik ez du Euskal Herriko txapela janzterik izan Asier Gamio berroetarrak. Izan ere, larunbatean Laukizen (Bizkaia) jokatutako finalean 6 minutu eta 27 segundo behar izan zituen txapeldun suertatu zen Jon Larrañaga gipuzkoarrak eta 6 minutu eta 28 segundo Asier Gamiok.

Gibeletik, Aritz Martin bizkaitarrak osatu zuen podiuma (6.43). Patrik Saitua bizkaitarra laugarren izan zen (6.44), Aritz Iturribarria arabarra bosgarren (6.48) eta Guillermo Lopez arabarra seigarren (6.57).

Lasto-jasotzen Tubi txapeldun

Euskal Herriko lasto-jasotze txapelketa ere jokatu zuten Laukizen eta Jose Martin Bustinza Tubi bizkaitarra suertatu zen txapeldun, 45 kiloko fardoa zazpi metroko altuerara bi minutuan 23 altxatu ondotik. Beñat Amade bizkaitarra bigarren izan zen (21 altxaldi) eta Jon Lapazaran arabarra hirugarren (20 altxaldi).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun