Turismoaren antolaketari buruzko mintzaldia antolatu zuen atzo Baztango EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 12a, 13:30

Daniel Oltzomendi gonbidatu zuten, Eukal Hirigune elkargoko turismo iraunkorreko arduraduna eta EHBaiko kidea

Oltzomendi Ipar Euskal Herriko esperientziaz aritu zen, turismo iraunkorra bultzatzeko turismoa gainerako politika publikoekin gurutzaturik egin behar dela azpimarratuz. Iparraldeko turismo antolamenduak lau arlo lantzen ditu; garraioa, etxebizitza, ingurune naturala eta harrera. Horietan denetan, «tokiko biztanleen eta lurraldearen beharretan pentsatu behar da, bertako jendearendako ona dena turistendako ere erabilgarria izan daitekeelako».

Etxebizitza izan zuen hizpide, Iparraldean marra gorria pasatu dela ohartaraziz; «turismorako alokatzen diren bizitegiak, etxeen kariotzea… tokiko biztanleria kanporatzen ari da». 24 udalerri «tentsionatutako gune» izendatu dituzte eta horrela, legezko ahalmenak izanen dituzte neurri zuzentzaileak hartzeko. Datuen arabera, 40.000 bigarren bizitegi daude guztira Iparralden.

Ingurune naturalaren erabilerari buruz ere mintzatu zen, mendian ibiltzeko kanpainekin. Izan ere, «jende aunitzek ez dute laborantza ezagutzen eta mendian nolanahi ibiltzen dira, zakur laxoekin». Ingurunea aitzinetik antolatzea eta planifikatzea beharrezkoa dela adierazi zuen, «betiere tokiko biztanleek hala nahi badute».

Harrerari dagokionez, hurbileko turistak bilatzearen beharraz aritu zen, «tokiko geografia bat zehaztu eta horren arabera antolatuz». Gainera, turisten etorrerak hondakin gehiago sortzen dituela erran zuen, eta horiek tratatzeko gastuak ezin dituela bertzerik gabe lurraldeak bere gain hartu.

Ipar Euskal Herri guztia hartzen duen Hirigune elkargotik egiten dute turismoaren antolaketa, eta finantziazioaren zati bat egonaldi tasatik erdiesten dute, hau da, turistek lo-tokietan egonaldiarengatik ordaintzen dutena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun