Homo Erectusak Baztanen

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 13a, 07:00

«Aranzadiko arkeologoek Baztanen egindako indusketetan aurkitu dituzten Homo Erectus espeziearen arrastoak» ditu hizpide Gorka Laurnagak iritzi artikulu honetan. J. Perotxenak egin dio artikuluari irudia.

Aranzadiko arkeologoek Baztanen egindako indusketetan Homo Erectus espeziearen arrastoak aurkitu dituzte berriki. 

«Dirudienez, garrasi horiek erabiltzen zituzten inguruko gizakien elkarrizketak mozteko, ingurukoen arreta bereganatzeko saiakera batean, gainerakoen errespetu eta izuan oinarritzen baitzen haien sistema sozial hierarkikoa»

Odol tanten ugaritasunaren analisiek argitu dutenez, espantsio garai berezia izan zuten Holozenoaren azken lau urteetan hominido berezi horiek. Indusketetan aurkitzen diren Homo Erectus Baztandarrensisaren arrasto ohikoenak tinpano desgastatuak eta edalontzi puskak dira, eta erradiokarbono azterketen arabera, asteburuetako sasoian pilatzen dira gehienbat arrastoak, adituen ustetan, orduan egiten baitzituzten haien purifikazio erritualak. Baztango kasuan, erritual horiek gaur egungo Elizondoko erdigunean kokatzen zirela jakinarazi dute Aranzadikoek. Zientzialariek dakitenaren arabera, zirkuluetan esertzen ziren hasieran, espazioaren erdigunea hartuz, eta hainbat sustrairen kontsumoarekin batera, giroa berotzen joan ohi zen. «Garrasiekin hasten ziren agudo» zehaztu du Mikel Orokiegi Aranzadiko arkeologia zuzendariak: «Dirudienez, garrasi horiek erabiltzen zituzten inguruko gizakien elkarrizketak mozteko, ingurukoen arreta bereganatzeko saiakera batean, gainerakoen errespetu eta izuan oinarritzen baitzen haien sistema sozial hierarkikoa». Azpimarratu duenez, «haien kulturan lasai hitz egiteak ahuldadea adierazten zuen». Gehiago erantsi du: «gure hipotesia da elkarren artean eta gainerako giza espezieekin komunikatzeko zailtasunak zituztela. Izan ere, haien laringeen morfologiaren azterketek erakutsi dute organo hori modu ezohiko batean zutela egituratua eta lo fonema bereziki ahoskatzeko diseinatua zegoela. Horrela, lo soinua buklean eta ozen errepikatuz protohizkuntza bat garatzera iritsi ziren, hizkuntzalariek loloismo izenez ezagutzen dutena, indoeuroparraren aurrekaria». Are gehiago, loloismoa besoak indarrez astinduz laguntzen zela uste dute ikerlariek, eta, itxura denez, inguruko giza espezieak uxatu edo haien lur eremua berenganatzeko funtzioa betetzen zuen: «globo-arrainak, arriskuaren aitzinean, bere gorputza puzten duenean bezala» argitu du Aranzadiko zuzendariak. 

«Odol tanta, edalontzi puska eta tinpano hondatuez gain, arrasto gehiago ere aurkitu dituzte ikerlariek»

Odol tanta, edalontzi puska eta tinpano hondatuez gain, arrasto gehiago ere aurkitu dituzte ikerlariek: «sekulako loteria arkeologikoa izan zen», erran du Arantxa Zunbeitia, aurkikuntzaren autoreak. «Erectusen kokaleku batean indusketetan ari ginen, Elizondon, eta atsedeneko kafea hartzen ari nintzela konturatu nintzen pareta batean lerro antropogeniko batzuk zeudela» kontatu digu pozez. «Pareta garbitu eta marrazkia hobeto aztertzean errepresentazio animista bat zela pentsatu genuen» azaldu du, «zizare jainkotiar baten itxura hartu genion». Baina, kontatu digutenez, hipotesia aldatu zuten Ohioko Unibertsitateko arkeologia departamentuarekin informazioa kontrastatzean. Gaur egungo bertsioaren arabera labar-pintura hori zakil baten errepresentazioa izanen litzateke. Ohioko departamentuarekin egin dugun telefono deian azaldu digutenez, zakila elementu zentrala zen Homo Erectusen bizitza kulturalean: «zakila adorazioko elementua zen, mistizismoz betetakoa, eta paper zentrala zuen haien eguneroko erabakietan. Izatez, espeziearen genero izena, Erectus, hortik dator» erran digute. Hala ere, harreman kontraesankorra zuten organo horrekin, kultu elementua izanik ere, erabat gaitzetsia baitzegoen H. Erectusen artean bertze baten zakila begiko izatea, eta ohikoa zen gizonen arteko maitasun erakustaldien aitzinean nazka espresioak antzeztea. Alemaniako Kieleko Unibertsitateko neurologia laborategian lanean ari diren ikerlari batzuen arabera H. Erectusen distribuzio neuronala, H. Sapiensan ez bezala, sakabanatua izanen litzateke: «haien neuronak ez ziren garunean soilik kokatzen, eta zakilean ere bazituzten sinapsi gaitasunak». Antza denez, fisionomia berezi hori izanen litzateke zakilaren zentraltasuna sinboliko-kulturala azaltzen duena. 

Hipotesi hori, dena den, ez dago baieztatua. Izatez, mugimendu feministak gogor kritikatu du aitzineko guztia, haien arabera Homo Erectusa eraikuntza soziala baita: «ez gara Erectus sortzen, Erectus bilakatzen baizik», aldarrikatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun