Berroetako Asier Gamio Euskal Herriko gizonezkoen lokotx-biltze txapelketako finalean izanen da

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 11a, 16:00

Euskal Herriko lokotx-biltze txapelketa jokatuko dute larunbatean Laukizen. Argazkian, 2018 Nafarroako txapelketa Elizondon jokatu zutenekoa.

Larunbat arratsaldean Laukizen eginen den herri kirol jaialdian lasto-jasotze txapelketa ere jokatuko dute.

Gizonezkoen Euskal Herriko lasto-jasotze eta lokotx-biltze txapelketak jokatuko dituzte azaroaren 13an, larunbatean 19:00etan Laukizen (Bizkaia). Berroetako Asier Gamio izanen da eskualdeko ordezkari bakarra, lokotx-biltzen.

Asier Gamio hirugarren izan zen Nafarroako txapelketan, baina Anizko Unai Iantzi txapeldunak eta Aitor Blanco txapeldunordeak parte hartu ezin dutenez, bera izanen da Nafarroako ordezkari. Arabako Aritz Iturribarria eta Guillermo Lopez, Bizkaiko Aritz Martin eta Patrik Saitua eta Gipuzkoako Jon Larrañagarekin ariko da lehian.

Euskal Herriko lasto-jasoze txapelketa ere Laukizen erabakiko da. Hiru kirolari ariko dira: Jose Martin Bustinza eta Beñat Amade bizkaitarrak eta Jon Lapazaran arabarra. 45 kiloko fardoa zazpi metroko altuerara ahalik eta gehienetan altxatu beharko dute bi minututan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun