Hainbat ekimen antolatu ditu Baztango Udalak azaroaren 25erako

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 11a, 11:30

Antzerkiak, mobilizazioak eta elkarretaratzeak izanen dira, bertzeak bertze, hurrengo asteotan.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekitaldi izanen dira Baztanen azaroan berdintasunaren alde. Lehenbizikoa azaroaren 4an trans pertsonei buruz egindako mahai-ingurua izan zen. Azaroaren 21ean Esnatu Naiz kabareta ikusteko aukera izanen da Iruritako Gizarte Bilgunean, 19:00etan doan, Kultura Batzordeak antolatua.

Azaroaren 25ean berriz, indarkeria matxistaren kontrako egunean, elkarretaratzea eginen dute 12:00etan Elizondoko plazan. Berdintasun Batzordeak antolatua, jendea bertaratzera animatu dute elkartasuna erakusteko. Honez gain, mobilizazio bat eginen dute 19:00etan Elizondoko plazatik abiatuta, eragile feministek antolatua. Gainera, egun horretan Lekarozko institutuan gazteak sentsibilizatzeko eta berdintasunari buruz kontzientziatzeko ekintzak eginen dituzte, Burrunba Morea taldearen eskutik.

Hilabeteko ekitaldiak borobiltzeko, Bi ero diskotekan komediazko antzerkia izanen da Iruritako Gizarte Bilgunean azaroaren 26an 19:00etan, Euskarabideak eta Baztango Euskara Zerbitzuak antolatua. Informazio gehiagorako, Baztango Berdintasun Zerbitzuak webgune bat eskuragarri paratu du egitarauarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun