Gizarte Ekonomian egindako lanarengatik «erantzukizun sozialeko erakunde» izendatu dute Baztango Udala

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 11a, 09:30

Joseba Otondo alkateak bildu zuen saria asteartean. www.economiasocialnavarra.com

Gizarteratzeko enpresetako eta enpleguen zentro berezietako langileen kontratazioak nabarmen gainditzen du legeak ezarritako %6ko gutieneko erreserba Baztanek.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentua eta Baztango Udala sarituak izan dira «erantzukizun sozialeko erakundeak» izateagatik. Juan Cruz Arguiñariz EINA (Nafarroako Gizarteratzeko Enpresak) elkarteko lehendakariak eta Javier Jimeno CEISNA (Gizarte-Ekimeneko Enpleguen Zentro Berezia) erakundeko ordezkariak banatu zituzten sariak asteartean, Gizarte Ekonomiaren egunean.

Gizarteratzeko enpresetako eta enpleguen zentro berezietako langileak kontratatzeko %6ko erreserba gainditzea eskertu diete. Izan ere, Baztango lizitazioei dagokionez, 1,27 milioi eurokoa izan da azken jardunaldian udalarena, hau da, %28ko erreserbakoa.

Kontratu motari dagokionez, lorezaintza izan da lanbide nagusia, kontratuen %40arekin. Garraioa eta logistika izan dira bigarren, %15,54arekin. Ondotik, garbiketa, mantentze-lanak, igeltserotza, publizitatea eta catering sektoreko lanak, bertzeak bertze, izan dira nagusi.

Gizarte Eskubideen kontseilaria den Carmen Maeztuk Nafarroako Gizarte Ekonomiaren garrantzia nabarmendu zuen. Gaur egun 1.250 enpresa biltzen ditu, 2.400 milioi euro fakturatzen dituztenak eta 20.000 pertsona ingururi lana ematen diotenak, enplegu pribatuaren %8,5a. Horregatik, Nafarroa gai honetan «Europako erreferentziazko eskualdea» dela adierazi zuen, «neurrien ezarpen, emaitza eta berrikuntzarengatik, baita politika publikoan Gizarte Ekonomiaren alde egindako lanarengatik ere».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun