JanGelak, Nafarroako guraso elkarteen mahaiak, «kontratazio prozesuan ikastetxeen iritziak kontuan hartu ez izana» salatu du, eta esleipena lortzeko dirua «erabakigarria» izan dela. «Prezioak beheiti jautsi dituena irabazle atera da. Nafarroako enpresa handienak 39 eskoletatik 31 lortu ditu».
Zenbatero aldatzen da eskola publikoetan jangela kudeatuko duen enpresa?
Kudeaketa lau urtetik behin aldatzen da, baina Covid-a dela eta, azkenekoa urte bat luzatu zen. Azken bortz urteetan Irigoien Comida Saludable izan da Elizondoko jangelako kudeatzailea eta esperientzia baikorra izan dugu, hortaz, beraiekin segitu nahi genuen.
Nork hartzen du erabakia?
Nafarroako Gobernuak lizitazioa atera zuen eta hor prozesu guztia azaldu zuen. 100 puntutatik, Eskola Kontseiluak 25 puntu banatzen ahal zituen eta gainerakoa Hezkuntza Departamentuak.
Eskola Kontseiluaren iritziak kontuan hartu dituzte?
Aitzineko esleipenean, 2016an, gure iritzia kontuan hartu eta gure puntuaketa onartu zuten, baina aurten ez da horrela izan. Enpresa bakoitzari 0 eta 25 arteko puntuaketa eman behar genion eta horrela egin genuen, baina ez zuten gure puntuaketa onartu. Eskola Kontseiluak berriz bildu behar izan zuen uztailean, denok oporretan ginenean, eta puntuaketak aldatu behar izan genituen. Hala ere, ematen duenez, ez zen beraiek espero zutena, berriz ere korreo bat bidali baitziguten gure puntuaketa onartzen ez zutela erranez. Puntuazio bat proposatu ziguten argudio eta guzti. Kontseiluak berriz ere elkartu behar izan zuen eta bertan proposamena ez onartzea erabaki genuen, baina ez zuten gure iritzia errespetatu eta haien proposamena aurkeztu zuten. Hortaz erraten dugu esleipen prozesua irregularra izan dela. Badakigu bertze ikastetxeetan gauza bera gertatu zela eta prozesuarekin lehenbailehen akitzeko haien proposamenak onartu zituztela, baina hori ez zen ikastetxeen hasierako puntuazioa.
Zein dira enpresa kudeatzailearen ardurak?
Enpresako dietista eta nutrizonistek menua sortzen dute, hornitzaileek janariak ekartzen dizkigute eta langileen prestaketaz ere arduratzen dira.
Zein enpresak kudeatzen du orain Elizondoko jangela?
Ausolan enpresarekin gaude orain. Nafarroako Gobernuak jantoki guztietako menuak aldatu ditu produktu fresko eta ekologikoak sartuz, eta honek egokitze tarte bat behar izan du. Hilabetean lau aldiz dugu arrain freskoa, adibidez. Hau lehentasuna denez, beti ez da menuan paratzen duena betetzen eta sukaldariak bazkaria inprobisatu behar izaten du. Hala ere, gurasoei aldaketei buruz jakinarazten zaie beti eta enpresak bilera bat antolatu zuen gurasoei informazioa emateko. Bileran ez zen inor agertu, beraz, kexarik ez dela pentsatzen dugu. Hortaz aparte, sukaldaria kontent dago produktuen kalitatearekin eta denbora gutti daramagu oraindik fundamentuzko iritzi bat emateko.
Agindutakoa betetzen ez badute, neurririk hartuko duzue?
Nafarroako Gobernuak agindutakoa betetzen dela ziurtatzeko ikuskariak bidaliko dituela suposatzen da, baina ez gara sobera fidatzen. Agindu dutena betetzen ez badute, argi dugu esleipena gibelera egiten saiatuko garela. Hala ere, eskainitakoa betetzea espero dugu, gure ikasleen onerako.
Jangelak garrantzi handia du ikasleen heziketan?
Ikasleek etxean ongi elikatzen eta arau minimo batzuk ikasi behar dituzte baina eskolako jantokiak horiek bulkatzen laguntzen du eta denek ildo beretik joan beharko genuke. Gure helburua ikasleak pertsona osasuntsuak izatea eta ongi jaten ikas dezatela da, baita bizikidetza arauak erakustea ere.
Hezkuntza Departamentua jantokiek kalitatezko zerbitzua eman dezaten lanean ari da?
Aurtengo esleipenak ikusita, bide onetik doazela erranen nuke, kontent gelditu gara enpresendako atera dituzten eskakizunekin eta ados gaude. Baina Eskola Kontseiluaren iritzia ez errespetatzearekin ez gaude ados.